Gu Ta Gutarrak
Sorpresa ugari
'Gu ta Gutarrak'en hirugarren edizioa, gaurtik aurrera, martxan
EITB.EUS
EITB
Denboraldi berria ate-joka dator. Berrikuntzaz eta sorpresaz beterik etorriko zaigu hirugarren edizioa, besteak beste, aterpetxe aldaketa izango baita.
'Gu ta Gutarrak' saioak hirugarren edizioa estreinatuko du gaur gauean. Berritasunak eta sorpresak izango dira nagusi, lehenengo unetik ikus-entzuleak ezustean harrapatuko dituztenak.
Besteak beste, aterpetxea aldatuko dute. Aurreko bi edizioetan gutarren egonaldien lekuko izan den Morgako aterpetxea atzean utzi, eta beste aterpe bat ezagutuko dute lehiakideek hirugarren edizio honetan. Non ote dago aterpetxe hori? Gustuko izango dute lehiakideek aterpe berria? Gauza bakarra aurreratu dezakegu: aterpetxea Gipuzkoako kostaldeko herri batean dago.
Beste berritasun bat gutar lehiakideak dira. Guztiak ote dira berriak? Oraingoz esan dezakeguna da Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak direla eta gogoz, ilusioz eta esperientzia berri bat bizitzeko asmoarekin datozela saiora.
Zalantza eta galdera ugari, beraz, eta horiek guztiak hirugarren edizio honetako lehenengo saioetan argitzen joango dira, apurka-apurka. Amaitzeko, aurpegi berriak ere ikusiko dira ETBko saio arrakastatsuan.
Euskal Herriko bigarren kuadrilla jatorrena
Apirilaren 8an saioko bigarren edizioko final handia izan zen. Euskal Herriko bigarren kuadrilla jatorrena erabaki zen bertan; Leku, Beitia, Agerre, Leire eta Eneko hautatu zituzten kuadrilla jatorrena osatzeko. Hauekin batera, Txurruk gutarburu nagusiaren titulua lortu zuen, ikus-entzuleek euren botoekin hala erabakita. Aitor, Irantzu eta Txurruren artean Mallabikoa izan zen onena, ikusleen % 60 baino gehiagoren ustez.
Emozioz beteriko final handia izan zen, bai lehiakideentzat bai horien senitartekoentzat. Gutarrak saltsan ikusi genituen: dantzan, abesten, malkotan eta kuadrilla jatorrenean sartzeko lehia bizian.
Halaber, ikus-entzuleek emandako botoei esker gutar jatorrenen artean jatorrena zein zen erabaki zen final handian. www.eitb.eus atarian eginiko inkestaren emaitzen arabera, Iñaki Lekuonak, 'Leku'k, merezi izan du txapel hori, botoen % 28,94 (9.664 boto) jasota.
Castingak zabalik jarraitzen du
Edizio berria martxan dagoen arren, 'Gu ta Gutarrak' saioko kideak aukeratzeko castingak egiten ari dira oraindik. Gutarra izan nahi baduzu, bidali mezu bat WhatsApp bidez 659756187 zenbakira edo gutagutarrak@eitb.eus helbide elektronikora idatzi.
'Gu ta Gutarrak' saioa Julen Telleriak aurkezten du, astelehenetik osteguna, 21:20tik aurrera, ETB1en.