Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Artziniega, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

EiTB

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Arabako Artziniega herriko bizilagunak eta euren istorio bitxiak ezagutuko dituzte.

0:28
Mikel Pagadi Artziniegako bizilagun batekin

Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Artziniegan izango dira gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan, bertako bizilagunen istorioak ezagutzeko.

Unai Gotxi alkateordeak egingo dio harrera Pagadiri: "Ongi etorri Euskal Herriko 8. probintziara!" esango dio. Arabako herria izanik ere, Bizkaiko hiriburutik gertuago baitago Artziniega, eta, era berean, Burgoseko mugari pega-pega eginda. Pagadik sekulako erronka izango du esku artean, Andre Mariaren Zeruratzearen elizako arkupetako margolanetan ezkutatuta dagoen enigma argitzen saiatuko baita! Horretarako, Paki Ofizialdegi irakaslea eta Fernando Ureta margolaria izango ditu lagun. Ez da, baina, Artziniegan ikasiko duen gauza bakarra. Iragan mendean "El equipo de los gordos" izenaz ezaguna zen sokatira talde mitikoaren berri jasoko du Idoia Zalbide tiralariaren eskutik; ez omen zuten teknika onik, baina zortzi partaideren artean 1.000 kiloko pisua gainditzen zuten, eta ez omen zegoen ekiporik haiek mugitzeko gai zenik. Azkenik, Arantxa Etxebarriak etxeko lanetan dantzan eta kantuan jarriko du Pagadi.

Zuhaitzek, aldiz, Alberto Martinez "Tito"rekin hasiko du goiza. Historialaria ez, baina historiazale amorratua da Tito, "Artziniegako historiaren friki hutsa" bere hitzetan. Baina Titoren beste bizio bat ere, ezkutua, deskubrituko du Zuhaitzek: izotzezko flashak. Bestalde, herrian txakurrekin duten arazoaz hitz egingo dio Ana Kristinak Zuhaitzi; asko omen daude, jabeek ez dituzte lotzen, eta Ana Kristina izututa bizi da... tira, Ana Kristina, edo Ane Kristiñe, edo Ana, edo Kris, Mari Krisis... lagun eta senide bezainbeste izen ditu eta. Hirugarrenik, Asier Garcia Artziniegako butano bonbona lasterketako errekorraren jabea ezagutuko du Zuhaitzek. Artziniegako errekorra, eta mundukoa. Beste inon ez omen dute-eta halakorik egiten. Saioan,  Zuhaitzek eta Asierrek osatutako bikotea denbora hobetzeko gai ote den ikusiko dugu. Eta, amaitzeko, "birding" apur bat; Arkaitz San Jose artziniegarrarekin batera hegaztiak behatzera joango da Zuhaitz La Teja izeneko ur-jauzira.

Historia hauek eta gehiago, igandero izaten dira ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, "Herri Txiki, Infernu handi" saioan.