Sukaldaria
22:00etan
Antzuolan izango da 'Sukaldaria' saioa gaur gauean
EiTB
Joseba Arguiñanok bertakoen ohiturak eta istorioak jasoko ditu.
'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean, Joseba Arguiñano sukaldaria Antzuolan ibiliko da. Debagoiena eskualdean sartu, eta 2.000 biztanle inguruko herri honetako ohiturak eta auzokideen istorioak bilduko ditu, betiere, bertoko gastronomiarekin lotuta.
Hasteko, Zurrategi plazan izango da. Bertan, larrugintza ogibidea ekarriko du gogora Joxe Angel Arbuluk. Bizitza osoa eman du larrua lantzen, eta antzinako lanbide horren azken aztarnak erakutsiko dizkio Josebari. Gainera, Joseba soldadu bihurtuko da une batez Edurne Iturberen laguntzarekin, eta gibela Antzuolako erara prestatuko dute elkarrekin.
Ondoren, Galartza auzora joango da Joseba, Pello Legorbururen behiak ezagutzera. Piriniotar arrazako behiak dira, eta Baserria Km0 izendapenarekin hazten ditu. Gainera, belar-bolak egiten harrapatu ditugu, eta prozesua nolakoa den ikasiko dute. Ondoren, Pelloren lagun-taldearekin barbakoa egitera joango da Joseba, eta hanburgesak egingo dituzte.
Mendi inguruan ibili ostean, erdigunera jaitsiko dira, Florentino Lamarianoren errotara. 400 bat urte ditu, eta 24 baserriri ematen zien elektrizitatea. Florentinok hamaika istorio ditu, eta Joseba gustura ibiliko da harekin eta haren ilobarekin. Janire Lamarianok krema naturalak egiten ditu, eta gure sukaldariak aurpegi-maskara bat egin eta azalean probatzeko aukera emango dio.
Amaitzeko, Lapatza baserrian lanean jarriko dute Arguiñano. Tomas Larrañaga nekazaritza biologikoan aritzen da, eta barazki-saskiak banatzen ditu Antzuola aldean. Baserri munduan murgilduta, Juena Dornaletche euskal argentinarra ezagutuko dute. Begetarianoa da, eta iaztik hartzen ditu barazki-saskiak. Saioa amaitu aurretik, berarekin prestatuko du Josebak azken platera: kuiatxo loreak Boloniako saltsa beganoarekin.
'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.