Sukaldaria
22:00etan
Bermeon izango da gaurko 'Sukaldaria' saioa
EiTB
Bermeoko auzokideekin eskutik, bertoko gastronomia eta produktuak ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok.
Gaur gauean, Joseba Arguiñanok aurkeztutako 'Sukaldaria' saioa eskainiko du ETB1ek, 22:00etatik aurrera. Gure sukaldaria Bermeon izango da eta, portuan egingo du lehenengo geldialdia.
Marielen Garate saregilea da eta kofradia zaharrera eramango gaitu, antzina arrain enkanteak nola egiten ziren erakusteko. Ikerne Cercasek, berriz, gaur egun kaian egiten den lanari buruzko ikuspuntua emango dio gure sukaldariari. Amaitzeko, Marielenek entsalada bermeotarra prestatuko digu.
Jose Manuel Garbatxo eta Lázaro Herrero arrantzale ohiak dira eta itsasoko hamaika istorio dituzte kontatzeko. Besteak beste, galernan hil ziren Bermeoko arrantzaleen istorio tragikoa gogoratuko dute. Arrantzaleak elkartu ohi diren taberna batean hamaiketakoa egingo du Josebak beraiekin, eta bertan, Kanta Kanta Lorue taldekoekin egingo du topo.
Maria Jesus eta Juanita Elgezabalek hegaluzea poteratzen dute urtero, eta, oraingoan, Joseba izango dute laguntzaile. Biak dira bermeotar peto-petoak, eta kontserba-industrian ibili dira bizitza osoan. Beraien kantuekin giro ederrean ibiliko dira hegaluzea poteratzen. Ondoren, Roberto Gabantxok Bermeoko plater tipiko bat prestatuko du Itsas-ondo elkartean: saltsaperroa.
Amaitzeko, Landabaso baserrira joango da Joseba, Rafa eta Asier Alegriaren idiak ezagutzera. Baina ez dira edozein idi: euskal ezkontzetan parte hartzeaz gain, hamar filmetan aritu dira; besteak beste, Exodus pelikulan. Idiekin bizitako esperientziak eta pasadizoez hitz egiten duten bitartean, Josebak azken errezeta prestatuko du: txipiroiak hiru testuratan.
'Sukaldaria' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.