Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Batata barazkiekin eta dilista kurrukariekin gainerreta
Batata barazkiekin eta dilista kurrukariekin gainerreta
Osagaiak
  • (4 pertsonarentzat)
  • Batatak, 2 handi
  • Zuritutako dilista gorria, edalontzi bat
  • Kurkuma, koilaratxo bat
  • Baratxuri lehorra, kafeko koilaratxo bat
  • Piperbeltza
  • Erromero freskoa
  • Tipula moreak, 2
  • Brokoli txiki bat
  • Azenarioak, 2
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Tipulina
  • Gazta urtu beganoa egiteko:
  • Olo esnea, 250 ml
  • Garagar legamia, 100 g
  • Tapioka almidoia, 50 g
  • Tipula lehorra, koilaratxo bat
  • Piperrauts gozoa, koilaratxo bat
Prestaketa

Hasteko, bezperan, labea 200 gradutan berotzen jarri, batatei gurutze formako ebaki bat egin eta bertan egosiko ditugu 50-60 minutuz. Egiten direnean, labetik atera eta hozten utzi ondoren, hozkailuan gordeko ditugu hurrengo egunera arte.

Hurrengo egunean, dilistak beratzen jarriko ditugu (gutxienez ordu t'erdiz beratzen egon beharko dute)

Dilistak beratzen direnean, labea 180 gradutan berotzen jarriko dugu, goitik eta behetik, eta labeko erretiluaren gainean paper sulfurizatua jarriko dugu. Segidan, dilistak iragazi, ura ongi kendu eta ontzi batean jarriko ditugu.

Jarraian, tipulak juliana eran fin-fin moztu eta dilistekin nahasiko ditugu eta ondoren, kurkuma, baratxuri lehorra, erromeroa, gatza eta olioa erantsiko dizkiogu ontziko nahaskiari. Koilara batekin, dena ongi nahasi eta prestatu dugun labeko erretiluan zabalduko dugu. Ondoren, laberatu eta 20-25 minutuz gorritzen utziko dugu.

Bien bitartean, azenarioak zuritu eta ebakitzaile baten bidez, xerra fin-finetan ebakiko ditugu. Bestalde, brokoliari loretxoak atera, garbitu eta azenarioarekin batera 3-4 minutuz egosiko ditugu. Egosten direnean, iragazi eta  sukaldeko paperaren gainean jarriko ditugu.

Segidan, batatak hozkailutik aterako ditugu eta erditik moztu ondoren, koilara baten laguntzarekin barrualdea kenduko diegu, azaleraino iritsi gabe. Batata-mamia ontzi sakon batean jarri eta brokoli loreak eta azenario xaflak gehituko dizkiogu eta poliki-poliki brokoli loreak hautsi gabe nahastuko dugu.

Ondoren, aparte utzi ditugun batata hutsak nahaskiarekin beteko ditugu.

Jarraian, gazta-beganoa egingo dugu. Horretarako, kazo batean olo edaria berotzen jarriko dugu eta irakiteko puntuan dagoenean, garagar legamia, tapioka almidoia, tipula lehorra, piperrauts gorria eta gatza gehituko dizkiogu. Sua apur bat jaitsi eta hadaxka baten laguntzarekin, ongi nahasiko dugu, bexamel baten sendotasuna lortu arte.

Segidan, batata beteen gainean gazta-begano geruza eder bat jarriko dugu.

Dilistak egiten direnean, labetik atera eta batata-beteak 15 minutuz laberatuko ditugu.

Bukatzeko, batata beteak labetik atera, dilista kurruskaria gainetik jarri, tipulin xehetuarekin apaindu eta jan aurretik, 10 minutuz epeltzen utziko ditugu.