Txoriene
200 saio
200 saio bete ditu 'Txoriene'k
B.F
EiTB
Luis Irizar sukaldariarekin eta Gorrotxategitarrekin ospatuko dugu efemeride hau.
ETB1eko eguerdietako sukaldaritza saioak 200 saio bete ditu aste honetan. Pili Manterolaren gidaritzapean, hiru urte daramatzagu 'Txoriene'n Euskal Herriko sukaldarien errezetekin gozatzen.
Hiru urte eta lau denboraldi hauetan, dozenaka sukaldari pasatu dira 'Txoriene'ko sukaldetik, onena erakutsi eta mota guztietako errezetak aurkezten.
200 saioak ospatzeko, 'Txoriene'k aste berezia prestatu digu. Aste honetan zehar, Euskal Herrian zein atzerrian famatuak diren hiru pertsonaia izango ditugu gonbidatu: Luis Irizar eta Gorrotxategi anaiak.
Luis Irizar kubatarra da jaiotzaz. Donostiako Maria Cristina hotelean eman zituen bere lehen pausoak sukaldari laguntzaile gisa, 16 urterekin. Bertatik atera eta Europan zehar jarraitu zuen bere ibilbidea Irizarrek, Parisko Royal Manceau jatetxean eta Londoneko Hilton hotelean, hain zuzen ere.
Etxera bueltatu zenean, Euskal Herriko lehen sukaldari-eskola sortu zuen 1967an. Zarauzko Euromar hotela izan zen eskola sortzeko aukeratutako lekua eta bertatik atera ziren Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Ramon Roteta, besteak beste. Beste sari askoren artean, 1992an, Irizarri Donostia hiriak urtero ematen duen "Urrezko Danborra" eman zioten. "Txoriene" saioan, fartsaz eta boilurrez betetako pintada prestatzen erakutsiko digu.
Asteko bigarren gonbidatuak, Gorrotxategi anaiak, Euskal Herriko gozogile ospetsuenetarikoak dira. Familia giroan hazi eta hezitakoak, Rafa eta Jose Mari Gorrotxategi gozogintza klasikoa gaur eguneko premietara egokitzeagaitik dira ezagunak.
Gorrotxategitarren lantegia, Xaxueta S.L izenekoa, Tolosako Zarra Plazan dago kokatua. Euskal Herri osoan zehar ezagunak diren teilak, zigarrotxoak , bonboiak eta trufak egiteaz gain, produktu berriak ere lantzen dituzte, puntako teknikak erabiliz. Guzti honek, gaur egungo gozogintzan Gorrotxategi anaiak erreferente bilakatzea ekarri du.
Hau guztia, astelehenetik ostiralera, 13:30etik aurrera, ETB1en.