Txoriene
Gastronomia ETB1en
Txirrindulariak, suhiltzaileak eta yoga irakasleak, 'Txoriene'n
eitb.eus
EiTB
Naiara Gorroño yoga irakaslea izango da gonbidatu gaur.
-
Zigor Iturrieta, 'Txoriene'ko aurkezlea
Txirrindulariak, suhiltzaileak eta yoga irakasleak hartuko ditu aste honetan 'Txoriene' ETBko sukaldaritza saioak. Horrekin batera, adituen saioan, saioko jarraitzaileen galderei erantzungo die Silvana Huegun dietistak.
Jon Odriozola txirrindulari ohi eta Euskadi Basque Country Murias taldeko zuzendariarekin hasi genuen astea "Txoriene" gastronomia saioan. 2016ko txirrindularitzako denboraldia hasi berri den honetan, taldearen prestakuntza nola doan jakin genuen. Kirol honi eta prestaketa fisikoari buruzko kontu ugari ekarri zizkigun Jonek, eta txirrindularien menuaren xehetasunak. Bitartean, onddo nahaskia eta itsas risotto beltza arrautzarekin prestatu zituzten Zigorrek eta biek.
Asteartean, elikaduran adituak direnen egunean, Silvana Huegun dietista eta nutrizionistaren txanda izan genuen. Programako jarraitzaileek txoriene@eitb.eus helbidera bidali dituzten zalantzak argitu zituen, eta bi errezeta prestatuko zituen Silvanak gure sukaldariarekin batera: barazki eta fruta carpaccioa eta artatxiki eta barazki paella.
Erramun Etxabe suhiltzaileak asteazkenean egin zuen ETBko sukaldera bisita. Zarauzko suhiltzaileen parkean egiten du lan, eta, horrez gainera, sukaldari oso ona da. Horren ofizioa eta afizioa izan zituzten mintzagai izokin marmitakoa prestatzen zuten bitartean.
Ostegunean, Naiara Gorroño yoga irakaslearen bisita jaso du Zigor Iturretak. Sortzez arrasatearra bada ere, Donostian bizi da Kazetaritzan lizentziatu eta Pedagogian masterra duen neska hau. Yoga eskolak ematen ditu Donostiako Baraka zentroan eta Andoaingo Senai terapia zentroan. Gainera, bidaia asko egin dituenez, istorio interesgarri ugari ditu kontatzeko. Zerba-orrimamiak, tomate iberikoz eta gaztaz beteta, eta pikillo piperrak onddoz beteta, perretxiko saltsarekin, prestatzen dituen bitartean kontatu ditu horietako batzuk.
Ostiralean, Zigor Iturrieta aurkezlea bakarrik arituko zaigu sukaldean lanean. Oraingoan, bi plater berezi prestatuko dizkigu: tatin tarta tomateekin eta moussaka.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan izan ohi da ikusgai 'Txoriene' saioa ETB1en eta eitb.eus-en.