Txoriene
GASTRONOMIA
'Txoriene'k 200 saio beteko ditu gaur Zigor Iturrietarekin
L.A. | EITB.EUS
EITB
Zornotzako Jauregibarria jatetxeko Beñat Ormaetxearekin ospatuko du efemeridea ETB1eko gastronomia saioak.
Aste honetan, 200 saio beteko ditu Zigor Iturrietak 'Txoriene' saioan eta hauetan guztietan arlo ezberdinetako gonbidatuei ireki dizkie Zigorrek bere sukaldeko ateak. Gonbidatuen proiektu eta ibilbideei buruz hitz egiteaz gain, sukaldean nola moldatzen diren eta zer prestatzen dakiten erakutsi digute eta oraingoan ere, betebehar berberari helduko dio.
Astelehenetan kirolariak izan ohi dira gonbidatu 'Txoriene'n. Aste honetan, Zarautzeko Aiala Euskal Emakumeen Ohorezko Mailan lehiatzen ari den eskubaloi taldeko Irati Eizagirre eta Araitz Urtiaga izan ditugu eta ondorengo menua prestatu digute: lehenik eta behin, arrautzak 'mollet' erara, perretxiko saltsarekin eta arrozarekin; ondoren, Terorreko odolkia patata krematsuen gainean, arrautza galdarraztatuekin eta 'mojo picon'ekin; eta, bukatzeko, txokolate tarta.
Astearteak adituen egunak izan ohi dira. Oraingoan, Jabier Agirre medikua izan dugu berriz ere gure artean. Etxean denok izaten ditugun elikagaiak edo oinarrizko jakiak erabiliz, menu hau prestatu digu: trapu zahar eltzekoa eta orburuak nafarroar erara.
Umeak izan ditugu ardatz asteazkeneko saioan. Nafarroa aldetik Saioa Borda eta Maddi Iturrietaren bisita izan du Zigorrek eta sukaldean nola moldatzen diren erakutsi digute. Horretarako, hiru plater prestatu dizkigute: hirugihar eta gazta bilkariak, patatak ganbaz eta espinakaz beteta eta, azkenik, odolki eta sagar kaneloiak.
Ostegunean, hornitzaileak hartzen ohi ditu Zigor Iturrietak sukaldean. Beraz, Adarrazpi gaztandegiko Inma Iriondo izan da gaurkoan 'Txoriene'n eta beraiek ekoizten dituzten produktuak erabiliz ondorengo bi plater egin dituzte: batetik, ardi-esne eta urdaiazpiko kroketak; bestetik, adarrazpi artzai-gazta salda hotza bieirekin, txipiroiekin eta barazki salteatuekin.
Egun berezia izango da gaurkoa ere. Izan ere, 200 saio bete ditu 'Txoriene'k Zigor Iturrietarekin. Hori ospatzeko gonbidatu berezia izango dugu: Beñat Ormaetxea Zornotzako Jauregibarria jatetxeko sukaldaria. Maila handiko menua prestatuko digu astea bukatzeko: hasteko, foie gras puska, erromero ukituko sagar purearekin eta ziape karameloarekin; ondoren, arrautza tenperatura baxuan, patata kremarekin eta atun lehordun salda lodiarekin; eta, bukatzeko, briotxe torrada karamelizatuak gazta freskoaren izozkiarekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan, egoten da ikusgai 'Txoriene', eitb.eus-en eta ETB1en.