Txoriene
Gastronomia ETB1en
Naroa Agirre, izozkiak eta sagardoarekin egindako jakiak, 'Txoriene'n
A.A. | EiTB
Naroa Agirre pertika-jauzilaria, Jabier Agirre medikua, Ishaq Akhond, Egibide-Mendizorrotza Ostalaritza Eskolakoak eta Iparragirre sagardotegikoak izango ditu gonbidatu aste honetan Zigor Iturrietak.
-
Zigor Iturrieta
Aste honetako 'Txoriene' saioa errezeta berriz beteta dator; besteak beste, atletismoa, izozkia, euskal mendizaleek euren espedizioetan jaten duten menua eta sagardoarekin prestatutako jakiak izango ditu protagonista.
Astelehenean, kirolarien egunean, Naroa Agirre pertika-jauzilari donostiar ezaguna izan du gonbidatu Zigor Iturrietak. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara joateko prestatzen ari da orain, eta atletismoaz, esku artean dituen proiektuez eta aurrera begirakoez mintzatu dira ETB1eko gastronomia saioan. Horrez gain, Agirre sukaldean nola moldatzen den ikusiko dugu; izan ere, plater hauek prestatu dituzte: dilista lasagna eta txokolate kopa menda ukituarekin eta banilla izozkiarekin.
Asteartean, adituen egunean, Jabier Agirre medikuaren txanda izan da. Aste honetan, izozkia eta eztia hizpide hartuta etorri da. Beti legez, kontu bitxi eta interesgarriak kontatu bitartean, azkenburuko hauek egiten irakatsi digu: gazta urdin tarta, sagar eta lima izotz-edariarekin; laranjak eztiarekin, oliba olioarekin eta gatzarekin eta mangoa txokolate zuriaren saltsarekin.
Asteak aurrera egin ahala, asteazkenean ere bisita berezia izan du Iturrietak, Ishaq Akhond izan baitu lagun sukaldean. Euskal mendizaleen hainbat espediziotan ibilitakoa da, eta, hartara, Pakistango zati txiki bat platora ekarrita, mendizaleek euren espedizioetan jaten duten menua prestatu du: chapati ogia, oilasko erregosia eta basmati arroza.
San Prudentzio egunean, ostegunean, hornitzaileen egunean, Gasteiztik jaso du bisita Iturrietak, Egibide-Mendizorrotza Ostalaritza Eskolakoak izan ditu platoan. Iñigo Lezaun irakaslearekin batera, Xabi Uriarte eta Josu Unamuno ikasleek munduaren beste puntako plater berezi bi ekarri dituzte 'Txoriene' saioko platora: Gyoza eta Foza sy henakisoa.
Astea ondo bukatzeko, ostiralean, Hernaniko Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkiza izango da protagonista. 500 urtetik gorako historia dauka sagardotegiak, eta, gurasoei erreleboa hartuta, Arantza eta Ana Eguzkiza ahizpek tradizioari eusten jarraitzen dute. Sagardo berezia, dotorea eta freskagarria egiteaz gain, gertuko kalitatezko produktuak zerbitzatzen dituzte Iparragirren. Bada, sagardoa bera oinarri hartuta, hauek prestatuko dituzte: sagardo-ozpinetan marinatutako antxoa, ogi txigortu gainean, eta txerri-saiheskia Iparragirre sagardo erara, mango eta piper berdeekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan, izaten da ikusgai 'Txoriene', ETB1en eta eitb.eus-en.