Txoriene
Gastronomia saioa
Waterpolo jokalariak eta Ana B. García organista, asteon, 'Txoriene'n
Horiez gainera, Aritz Urdanpilleta, Pagotxa errezeta egitasmoko kideak eta Bizkaiko sagardotegi elkartekoak ere izango ditugu Zigor Iturrietarekin sukaldean.
Aste honetan, Donostiako Fortuna Waterpolo jokalari taldea, Aritz Urdanpilleta elikadura aholkulari eta kirolaria eta Ana B. García organista ezagutzeko aukera izango dugu 'Txoriene' sukaldaritza saioan. Horiez gain, Bizkaiko sagardotegi elkarteko bi lagun eta pagotxa egitasmotik etorritako kideen bisita ere izango du Zigorrek.
Astelehenean, Donostiako Fortuna Waterpolo taldeko bi lagun izan ziren 'Txoriene'ko sukaldean kirolaz hitz egiteko. Jon Agrelo eta Gorka Arriola kirolariek euren ibilbide eta taldearen berri ematearekin batera, sukaldean nola moldatzen diren ere erakutsi zuten. Pasta beltza, gulekin eta cherry tomateekin eta zapoa hirugiharretan bilduta, ilarrekin eta zizekin prestatzen ikasi zuten Zigor Iturrietarekin.
Asteartean ostera, ezagutzen dugun gonbidatua izan zen gurean, Aritz Urdanpilleta kirolari eta elikadura aholkularia alegia. Hamaika gomendio tarteko, Elikasport webgunean aurkitu genitzakeen kirol liburuen aurkezpena ekarri zuen saiora. Errezeta osasungarri eta errazak aurkeztu zituen: pasta udaberriko barazkiekin eta patata bolatxoak, gaztaz eta urdaiazpikoz beteak.
Astearen erdira iritsita, asteazkeneko saioan musikari zabaldu genizkion ateak; izan ere, Ana B. García organista ezagutu genuen ETB1eko saioan. Organoak gordetzen dituen xarma eta bitxikerien berri eman zigun Andoineko musikariak, gainera, bera jotzen ikusteko aukera ere izan genuen. Musika eta sukaldaritza uztartzeko bidean beraz, legatz torrada, ganba saltsarekin egiten ikasi dugu Zigor Iturrietaren laguntzarekin.
Ostegunean, ekoizleen txanda izango da. Euskal Herriko edari tipikoenei helduta, Bizkaiko sagardotegi elkarteko bi kide ezagutzeko aukera izango genuen. Hots, Aitor Intxaurraga eta Jon Lezama. Etxeko sagardoa egiteko pausu eta giltzen sekretuen berri emateaz gain, euren produktua aukeran, 'Etxebarria' sagardoarekin eraiki zituzten saioko platerak. Tartean, untxia sagardotan, basmati arrozarekin eta laranja pastel errusiarra, sagardo kremarekin prestatzen irakatsi digute.
Asteburuari ate joka, ostiralean Internet eta sukaldaritza uztartuko dira. Horretarako, Pagotxa.eus egitasmoaren berri izango dugu. Bertan, etxean lasai asko edonork egin ditzakeen errezetak biltzen dituzte. Horren erakusle, bertako bi plater ekarri dituzte 'Txoriene'ko mahai gainera: Bakailao eta piper erre entsalada eta txokolate eta intxaur browniea.
Plater berriak prestatzen ikasi nahi izanez gero, 'Txoriene' ikusi, astelehenetik ostiralera, ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera.