Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Trenak eramandako bizitzak', gaur, 'Ur Handitan' saioan, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Tren istripuetan izandako hildakoak ekarriko ditu gogora saioak. Horretarako, hainbat kasu desberdinetan aurkitzen diren pertsonen testigantzak bildu ditu Xabier Madariagak.

0:28
Ur Handitan

Azken 10 urteetan, 46 lagun hil dira Estatuan trenak harrapatuta, inongo errurik izan gabe (aparte ematen dira suizidioen eta biktimen arduragabekerien ondorioz izaten diren kasuen datak). Estatuko hainbat tren geltokitan, oraindik ere, 443 trenbide–pasagune daude; horietan gertatzen dira istripurik gehienak. Horien ondorioz izaten diren istripuez eta horien aurrean ematen diren erantzunez arituko da 'Ur Handitan' saioaren gaurko atala.

Irunek (19 urte) bikotekidearengana joateko hartu zuen trena Arrigorriagan, Aretako geltokian jaitsi zen eta beste noranzkoan zetorren tren batek harrapatu zuen. Bertan hil zen Irune, eta bertan hasi zen Iruneren aitaren, Gonzaloren, borroka Estatuan dauden 400 trenbide-pasagune baino gehiago lurpera ditzaten exijitzeko.

Gonzalok Madrilen Espainiako Sustapen ministroari eskari hori egin eta gutxira, tren batek Idurre harrapatu zuen Legazpin. Beste heriotza bat, beste familia bat hautsita.

Asier eta Isa dira Idurreren gurasoak. Egunotan beteko da haien alabaren heriotzaren lehen urteurrena. Etxeko ateak zabaldu dizkigute alaba kuttuna, irribarretsua, langilea eta maitatua nolakoa zen azaltzeko. Isaren esanetan, "Nire alaba ez da hil, nire alaba hil egin dute". Saihesteko moduko heriotza izan dela azpimarratzen dute, Legazpiko tren-geltokiak aspalditik behar baitzuen erreforma eta trenbide-pasagunea kentzea. Idurre hil eta gutxira hasi dira Legazpiko geltokia berritzeko lanak. Beranduegi da, ordea, familia honentzat.

Bilboko Zorrotza auzoan, adineko bi emakume hil zituen tren batek duela 2 urte. Haien aurretik ia beste 20 lagun zendu dira trenak harrapatuta erabat ahaztuta eta bigarren mailakoa sentitzen den auzo honetan. Urteak daramatzate auzo elkarteko kideek euren eskari nagusia egiten. Zorrotzako bi trenbide-pasagune lurperatzea ezinbestekoa da, baina hori egiten ez den bitartean auzokideek beldurrarekin bizitzen jarraitu beharko dute.

21 urte dira dagoeneko Euskal Herriko tren-istripurik larriena gertatu zela. Uharte Arakilen izan zen, eta 18 hildako eta 110 zauritu eragin zituen. Istripua trenaren gehiegizko abiadurak eragin zuela ebatzi zuten: orduko 30 kilometroko abiadura onartzen duen tarte batean, orduko 137 kilometroko abiaduran zihoan. Arkaitz legazpiarra anaiarekin eta lagun batzuekin zihoan tren hartan. Larri zauritu zen arren, bizirik atera zen istriputik, eta bere bizipena kontatuko digu.

Egun hartan, Uharte Arakilgo bizilagunek euren elkartasuna erakutsi zuten. Joxe Mari istripua izan eta gutxira heldu zen bertara, eta zaurituak trenetik ateratzen eta Iruñeko ospitaletara bere kabuz eramaten hasi zen, anbulantziak iritsi baino lehen.

Ia egunero gertatzen dira harrapatzeak. Ez da tabua, baina makinisten artean ez da asko hitz egiten istripuei buruz. Juantxuk, esaterako, 34 urte daramatza makinista gisa, eta harrapatze hilgarririk ez baina ezusteko asko izan ditu bere lan-ibilbidean zehar.

'Ur Handitan: Trenak eramandako bizitzak' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.