Itxi

Mundua

Gobernuaren arabera

Hildakoak 200.000tik gora izan litezke Haitin

Erredakzioa

50.000 gorpu erreskatatu dituzte dagoeneko. Torrejon de Ardozera (Madril) heldu da ebakuatuen lehenengo hegazkina.

Haitiko lurrikarak utzitako hildakoak 200.000tik gora izatera hel daitezke, Paul Antoine Bien-Aime Haitiko Barne ministroak jakitera eman duenez.

"50.000 bat gorpu erreskatatu ditugu eta guztira hildakoak 100.000 eta 200.000 bitartean izango direla esan dezakegu, baina sekula ez dugu kopuru zehatzik jakingo", erantsi du.

Port-au-Prince hiriburuan liskarrak izango diren beldur da Haitiko Gobernua, eta kezka da nagusi.

"Hondakinen azpian jende asko" dagoela esan du Aramick Louis Segurtasun Publikoko estatu-idazkariak.

Etsipena indarkeria bihurtzen ari dela da Rene Preval presidentearen eta Jean Max Bellerive lehen ministroaren kezka nagusia, agintari horren esanetan.

Port-au-Princeko aireportuko kontrola AEBen esku uztea erabaki du Haitiko Exekutiboak, laguntza azkarrago banatzeko, AEBetako Estatu Departamentuak jakitera eman duenez.


Osasunaren Erakunde Panamerikarra

Lurrikarak 50.000 eta 100.000 hildako bitartean utzi dituela esan du gaur Osasunaren Erakunde Panamerikarrak (OPS), baina kopuru zehatzak ematea oso zaila dela onartu du.

"Hildakoak 50.000 eta 100.000 bitartean direla esan dute zenbait iturrik", azaldu du Jon Andrus OPSko kideak, Osasunaren Munduko Erakundeko (OME) Amerikako atala. "Susmo handi bat baino ez da. Benetan ez dakigula argi utzi nahi dut (…) ez dugu informaziorik", adierazi du Andrusek.

Hildakoak begirunez hobiratzeko aukera izango dela azpimarratu du funtzionariak eta gorpuak osasunerako arrisku bat ez direla erantsi du. Era berean, ur garbia banatzea garrantzitsuagoa dela nabarmendu du.

"Beherakoak agerraldia izatea arazoa izango litzake eta horregatik ura da lehentasuna", esan du. Zaurituei Tetanosak eragin diezaieke, Andrusen hitzetan, eta emandako txertoak ez dira nahiko.

"Horrelako hondamendiek agerraldiak edo izurriteak dakartzatenik mitoa da. Tragedia gehienetan ez da horrelakorik gertatzen", adierazi du Andrusek, baina beherakoa, arnas eritasunak eta elgorri birusak sor daitezkeela onartu du. Horregatik, aurrerantzean OPSk txertoak emateko kanpaina masiboak abian jarriko dituela iragarri du funtzionariak.

AEBetako 10.000 soldadu

Gerra-ontzietan eramandako laguntza Haitin zabaltzen hasi dira Amerikako Estatu Batuak, eta astelehena baino lehen 10.000 soldadu uhartera bidaliko dituztela iragarri dute.

Carl Vinson hegazkin-ontzia Haitiko kostaldera heldu da 19 helikopterorekin, ospitaleko 51 oherekin, ebakuntzak egiteko hiru aretorekin eta milaka litro ur edangarri eta 18.000 otordu produzitzeko gaitasunarekin.

Baina laguntza areagotu egingo da asteburuan, Mike Mullen almiranteak esan duenez. Gerra-ontzi eta helikoptero gehiago bidaliko dituztela iragarri du Mullenek. Horrela, 1.000 soldadu izatetik 10.000 izatera pasatuko dira.

Espainiaren laguntza

Bestalde, Espainiako Gobernuak 2.795.000 euro jarri ditu OPSren esku, (OMEren menpeko) Haitira eta Dominikar Errepublikara eramateko material medikoa erosteko.

Horrela iragarri du gaur Trinidad Jimenez Osasun ministroak, Soraya Rodriguez Nazioarteko Lankidetza estatu-idazkariarekin, Enrique Iglesias Iberoamerikako estatu-idazkariarekin eta Latinoamerikako enbaxadore guztiekin bildu ostean. Bertan Espainiak bidalitako laguntzen berri eman die ministroak, bidaltzeak hobeto koordinatzeko.

Larrialdi egoeratarako dagoen kontu korronte batean dira 2,7 milioi euroak, OPSrekin sinatutako hitzarmen baten arabera. Diru-laguntzak botikak (500.000 euro), ekipo kirurgikoak, kanpaina ospitaleak (Dominikar Errepublikako mugan jartzeko) eta gaixotasun epidemiologikoei aurre egiteko neurriak erosteko "aktibatu" dituzte.