Mundua
Hondamendi naturala
Segurtasun ezak indarkeria areagotu du Haitin
Erredakzioa
Ban Ki-moon Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak 3.500 militar gehiago eskatu dizkio Segurtasun Batzordeari segurtasuna handitzeko eta giza laguntza bideratzen laguntzeko.
Haitiko egoerak okerrera egin du lurrikara gertatu zenetik, eta segurtasun ezaren ondorioz, arpilatzeari eta lapurretari ekin diete hiritarrek. Segurtasun faltak giza laguntzaren banaketaren atzerapena ekarri du ere.
Port-au-Princen 3.000 militar eta Minustah polizi inguruk segurtasunaren alde lan egiten dute Haitiko Polizia Nazionalarekin batera. Nazio Batuen datuen arabera, Haitiko hiriburuan baliteke 300.000 lagun gelditu izana etxerik gabe.
Gaur Ban Ki-moon Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak 3.500 militar gehiago eskatu dizkio Segurtasun Batzordeari segurtasuna handitzeko eta laguntza humanitarioa bideratzen laguntzeko.
"Haitin 100.000 pertsonatik gora hil dira"
Joan den astean jasandako lurrikararen ondorioz 100.000 pertsona baino gehiago hil direla uste du Jean Max Bellerive Haitiko lehen ministroak. EFE agentziari egindako adierazpenetan, 70.000 gorpu baino gehiago aurkitu dituztela azaldu du. Bere hitzetan, "ezinezkoa da jakitea" zenbat pertsona lurperatu edo erre dituzten azken egun hauetan.
Belleriveren esanetan, 300.000 familia baino gehiagok etxea galdu dute lurrikararen ondorioz. Beraz, 1,5 milioi lagun etxe gabe daudela gaineratu du.
Europak laguntzak onartu ditu
Europar Batasunak 122 milioi euroko berehalako laguntza adostu du gaur goizean Haitirentzat. Horrez gain, beste 107 milioi erabiliko ditu berreraikitze lanetan.
Europar Batasuneko ministroek bilera berezia egin dute gaur goizean laguntzak adosteko. Epe ertain eta luzera beste 200 milioi euro adostuko dituztela aurreratu dute.
Haitin laguntza humanitarioa herrialdeen eta erakundeen artean dagoen koordinazio faltak lehen polemikak piztu ditu jada.
Frantziako Gobernua oso kritiko agertu da AEBak jokatzen ari diren paperarekin eta, hortaz, haren zereginak zein izan behar duen zehazteko eskatu dio NBEri.
Horren ildotik, Alain Joyandet Frantziako Kooperazio ministroak ohartarazi du helburua Haitiri laguntzea dela, ez inbaditzea. Izan ere, bere esanetan, AEBek herrialde hartan izan duten hedapen militarra oztopo izaten ari da laguntza humanitarioarentzat.
Gaur AEBetako 10.000 soldadu iritsiko dira herrialdera.
Lehen heriotzak lapurreten eta arpilatzeen ondorioz
Port-au-Prince Haitiko hiriburuan gero eta lapurreta kasu gehiago jazotzen ari dira, herritarren etsipenaren ondorioz. Polizia indarkeria ezin galarazi dago.
Ehunka gaztek hainbat biltegi asaldatu dituzte igande honetan, barrak eta labanak eskuan.
Gainera, gutxienez pertsona bat hil egin da, lapurreta egiten ari ziren hainbat pertsona sakabanatzen saiatzean Poliziak tiro eginda.
The Daily Telegraph egunkari britainiarraren arabera, hildakoa 30 urtekoa da, eta hil ostean motxila ostu diote.
Haitira joan diren ertzainen buruak Radio Euskadiri azaldu dionez, herritarren artean laguntza banatzeko lanak egunez baino ez dituzte egiten, gauez arriskutsu baita.
NBEko eta Haitiko Gobernuko agintariak lapurretak eta erasoak ugaritu egingo diren beldur dira, ia 200.000 pertsona hil dituen lurrikarak kaosa eragin baitu herrialde hartan, eta herritarrak etsita eta laguntzaren beharrean baitaude.
Hori horrela, Gobernuak larrialdi egoera ezarri du hilabetea amaitu arte, eta hortaz, berme konstituzional batzuk bertan behera utzi ditu.
Bien bitartean, hondakinen artean gorpuak agertzen ari dira oraindik. Orain arte 70.000 pertsona lurperatu dituzte jada.
Gorpuak topatu eta gero, hobi komunetara eramaten dituzte, eta han kare bizia botan diete gainean, Alex Larsen Osasun ministroak azaldu duenez. Dena dela, ez du baztertu gorpuak erretzea, gaixotasunak hedatzea galarazteko.
Bill Clinton Port-au-Princera heldu da
AEBetako presidente ohia eta Nazio Batuetako ordezkaria Haitirentzako Port-au-Princeko aireportura heldu da; bertan, René Preval presidentearekin bilduko da eta laguntza humanitarioa ikuskatuko du.
Gainera, George W. Bush presidente ohiarekin batera abian jarritako diru-laguntza fondoa sustatuko du.
Lurrikara pasa denetik sei egun pasatu direnean egoera "erdiragarria" dela esan du Clintonek. "Amerikar guztiek hau ikusi ahal izatea gustatuko litzaidake", adierazi du Clintonek The Washington Post egunkarian.
"Haitiarrek egiteko gai izan direna ikaragarria da, gauean ebakuntzak eginez, anestesiarik gabe, lanparekin eta tresnak esterilizatzeko vodka erabiliz", gaineratu du presidente ohiak.