Itxi

Gizartea

Hondakin nuklearren biltegia

Zapatero: "Biltegi nuklearraren kokalekua adostu egingo dugu"

Erredakzioa

Kataluniako eta Gaztela-Mantxako presidenteak biltegi nuklearra Asco eta Yebra herrietan jartzearen kontra azaldu dira. Espainia guztiko hondakin nuklearrak gordeko dituzte biltegi horretan.

Espainia ezarri nahi duten hondakin nuklearren biltegiak eragin duen polemikaren harira, Jose Luis Rodriguez Zapaterok esan du kokalekua "adostasunez" erabakiko dutela eta gai honek politikarekin eta interes alderdikoiekin zerikusirik ez duela azpimarratu du.

Moncloa Jauregian eskaini duen agerraldian esan du "gauzak ahalik eta ondoen" egiteko denbora dagoela. Aipatzekoa da Katalunia eta Gaztela-Mantxako presidenteak biltegi hori Ascon (Tarragona) eta Yebran (Guadalajara) ezartzearen aurka agertu direla, hurrenez hurren.

"Erantzukizunez jokatu behar dugu eta horrek adostasun handiena bilatzea eskatzen digu. Hori bai, biltegi hori Espainian egon behar dela eta beharrezkoa dela jakin behar dugu guztiok", azaldu du.

Bestalde, Jose Montilla Generalitateko presidenteak iragarri du Miguel Sebastian Industria ministroari gutuna igorriko diola, biltegi nuklearra Ascon kokatzearen aurka dagoela azalduz.

Hala jakinarazi du Josep Lluis Carod-Rovira presidenteordearekin batera eskaini duen prentsaurrekoan.

Nolanahi ere, Kataluniako Gobernuak ez du Ascoko Udalak hartutako erabakiaren aurka helegiterik aurkeztuko, "udalerrien autonomia errespetatzen" dutelako. Alabaina, Carod Rovirak erantsi du auzi honen inguruan ez dagoela adostasun "sozial eta territorialik" eta hori kontuan hartzekoa dela.