Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mendia: "Eusko Jaurlaritza ez da atzera begiratzeko heldu"

Erredakzioa

Terrorismoaren kontrako borrokan "hausturarik gabe, guztien batasuna" beharrezkoa dela "oso argi dute" sozialistek, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan.

EAJren garaian Ertzaintzak izandako eraginkortasuna zalantzan jarri zuen Jose Antonio Pastorrek (PSE) ETAren kontrako azken operazioaren ostean eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea adierazpen horien inguruan mintzatu da gaur. Zentzu horretan, sozialistak "ez gara Gobernura heldu atzera begiratzeko, aurrera begira eraikitzeko baino", esan du Mendiak.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Ertzaintzak ETAren aurkako borrokan duen konpromisoa baloratu du Mendiak, "iraganean, gaur eta bihar", esan du.

Iragan legealdian Jose Antonio Pastorrek PSEko bozeramaile gisa izandako ibilbidea defendatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta talde sozialistak "Balza (EAJ) sailburuaren terrorismoaren kontrako politika beti babestu" zuela gogorarazi du.

Adierazi duenez, terrorismoaren kontrako borrokan "hausturarik gabe, guztien batasuna" beharrezkoa dela "oso argi dute" sozialistek. Terrorismoaren aurkako borroka "polemikatik at egon behar da", Mendiaren ahotan.

Bilera Urkullurekin

Patxi Lopez lehendakariaren eta Iñigo Urkullu EAJko presidentearen arteko bilera ere mintzagai izan du bozeramaileak eta agintari sozialista "akordioak lortzeko borondatearekin" joango dela ziurtatu du.

Bestalde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bilera egin behar du bihar Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) presidentearen izendapena aztertzeko. "Bitarteko izaera hainbeste denboran mantentzeak irudia hobetzen ez du batere laguntzen", onartu du Mendiak.