Mundua
Programa nuklearra
Irani zigor gehiago jartzearen alde agertu dira Frantzia eta AEBak
Erredakzioa
"Arazoari irtenbide baketsu bat eman behar diogu eta horretarako nazioarteak presioa egin behar du", esan du Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak.
Robert Gates AEBetako Defentsa idazkaria eta Herve Morin Frantziako Defentsa ministroa Irani zigor berriak jartzearen alde agertu dira gaur. Iranen programa nuklearra helburu militarra duela esan dute biek eta horregatik, NBEk zigor berriak ezarri behar dizkiola uste dute.
"Arazoari irtenbide baketsu bat eman behar diogu eta horretarako nazioarteak presioa egin behar du", esan du Gatesek, Morinekin bildu ostean, Parisen.
"Nazioartea Iranekin elkarrizketa izaten saiatu da hilabeteetan", baina "ez da ezer lortu", azaldu du Frantziako ministroak.
Nazioarteko elkarrizketa
"Zoritxarrez, zigor berriak ekarriko dituen nazioarteko elkarrizketa beharrezkoa da", erantsi du Morinek. "Ez dugu beste aukerarik, NBEko Segurtasun Kontseiluan neurri berriak hartu behar ditugu", gaineratu du.
Israelek Irani eraso egingo ote dion galdetu diotenean, "gatazkara heldu gabe arazoa konpontzea" espero dutela erantzun du AEBetako Defentsa idazkariak.
Frantziak eta AEBek jarrera "berdinak" dituzte Iraneko programa nuklearraren inguruan, Morinek azaldu duenez, "helburu militarra duela ziur gaudelako".