Gizartea
Aurrematrikulazioak
A ereduko gela gehiagoren beharrik ez dagoela uste du Celaak
Erredakzioa
Hezkuntza sailburua "ziur dago" ikastetxe bat berak ere ez duela jaso gaztelera hutsezko gelak irekitzeko behar diren 20 eskakizunak. Gurasoen % 75ek D eredua hautatu dute EAEn.
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak "arrazoizkoak eta aurreikusteko modukoak" direla baloratu ditu 2010-2011 ikasturterako aurrematrikulen datuak Parlamentuan.
Bi eta hiru urteko A ereduko gelentzako 104 eskakizun jaso ditu Hezkuntza sailak EAEn eta "kasu bakoitza banan-banan aztertu" beharko dela esan du sailburuak. Dena den, Celaa "ziur dago" ikastetxe bat berak ere ez duela jaso gaztelera hutsezko klaseak zabaltzeko gutxienez behar diren 20 eskakizunak.
EAEko familiek "euren askatasun linguistikoa erabili" dutela uste du Celaak, izan ere, hizkuntza eredu eleanitzen alde egin dute nagusiki, D (% 75) eta B (% 22). Irakaskuntza publikoaren eskariak ere gora egin duenez, hurrengo urratsa "eskakizunak egokitzea" izango da.
Hezkuntza sailburua sistemaren azkartasunagatik pozik agertu da, matrikulazio datuen berri emateko orduan "markak hautsi " dituztelako.