Mundua
Gatazka
Txina AEBetako enbaxadorearekin bilduko da protesta egiteko
Erredakzioa
Gobernu asiarrak formalki aurkeztu nahi die protesta AEBei Obamak eta Dalai Lamak egin zuten bilera dela eta.
Txinako Gobernuak Jon Hutson AEBetako enbaxadorearen agerraldia eskatu du, Barack Obama AEBetako presidentearen eta Dalai Lama Tibeteko buruzagi politiko eta erlijiosoaren bileragatik formalki protesta egiteko, Xinhua albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Bilera Cui Tiankai Txinako Atzerri gaietarako ministro ordeak deitu du, Txinaren eta AEBen arteko harremanak tentsioz betetzen ari direnean.
Bilera
Obamaren eta Dalai Lamaren bilera, nahiz eta Etxe Zurian egin diskrezio handiz eta ez izan Tibeteko buruzagiak AEBetako presidentearekin egiten duen lehena, ez dute batere ongi hartu Txinako Gobernuan eta kontra agertu da beti.
AEBetako Gobernuari protesta ofizialki aurkeztu aurretik, Txinako Gobernuak agiri batean adierazi du Washingtonek nazioarteko harremanen araudia "urratu" duela eta Txinak eta AEBek alde biko harremanak ezartzeko sinatutako irizpideen kontra jotzen duela.
AEBek indar "separatistak" inoiz ez babestea eta Tibet eta Taiwan Txinaren parte direla onartzea nahi du Beijingo Gobernuak.
"AEBek ez lukete eskurik sartu behar Txinako barne arazoetan eta harremanak sendotzeko neurriak hartu beharko lituzke", adierazi du agirian Ma Zhaoxu Atzerri Gaietarako Ministerioko bozeramaileak.
Tentsioa
Obamak Dalai Lamari egin dion harrerak zaildu egin ditu bi potentzien arteko harremanak, izan ere, gaiztotuta zeuden AEBetako enpresa nagusienetako batek (Google) herrialde asiarretik alde egiteko asmoa agertu zuelako, eta Washingtonek Taiwani armamendua saltzea onartu duelako.