Gizartea
Hondakin nuklearrak
Bederatzi udalerri izango dira biltegi nuklearra hartzeko hautagai
Erredakzioa
Behin betiko onartutako udalerriak Albala, Asco, Melgar de Arriba, Santervas de Campos, Torrubia de Soria, Yebra, Villar de Cañas, Zarra eta Congosto de Valdavia izan dira.
Bost erkidegotako bederatzi udalerri behin betiko aukeratu dituzte hondakin nuklearrak gordetzeko Aldi Baterako Biltegi Zentralizatua (ATC) hartzeko hautagai gisa, Ministerio Arteko Batzordeak arratsaldean argitaratutako behin betiko zerrendaren arabera.
Behin betiko onartutako udalerriak Albala (Caceres), Asco (Tarragona), Melgar de Arriba (Valladolid), Santervas de Campos (Valladolid), Torrubia de Soria (Soria), Yebra (Guadalajara), Villar de Cañas (Cuenca), Zarra (Valentzia) eta Congosto de Valdavia (Palentzia) izan dira.
Horietatik zortzi dagoeneko behin-behineko zerrendan onartu zituen Ministerio Arteko Batzordeak otsailaren 5ean. Bien bitartean, Congosto de Valdaviak (Palentzia) aurkeztutako alegazioak onartu ditu Ministerio Arteko Batzordeak.
14 hautagaitza aztertu ditu erakundeak eta bost kanpoan uztea erabaki du. Bestalde, Santituste de San Juan Bautistako (Segovia) Udalak hautagaitza atzera botatzea erabaki zuen osoko bilkuran.
Campo de San Pedro (Segovia), Lomas de Campos (Palentzia), Granja de Torrehermosa (Badajoz) eta Villar del Pozo (Ciudad Real) udalerriek alegaziorik ez zutela aurkeztuko iragarri zuten. Bien bitartean, Villar del Pozok (Ciudad Real) eta Congosto de Valdaviak (Palentzia) erabakia errekurritu zuten.
Espainiako Gobernuaren erabakia
Behin betiko zerrenda argitaratu ostean, hautagaien udalerriak aztertu eta ATC eta zentro teknologikoa hartzeko aproposak ez diren zonak jakinaraziko dituzte.
Azkenik, proposatutako lur-eremuak aztertuko ditu Batzordeak eta txosten bat egingo du kokapen ezberdinen abantailekin. Dokumentu hori Gobernuari helaraziko zaio eta horrek, Ministroen Kontseiluaren bidez, ATCaren eta zentro teknologikoaren kokapena aukeratuko du.