Itxi

Politika

Elkarrizketa ETBn

EAEANko presidentea martxoaren 24an aukeratuko dute, Uriaren aburuz

Erredakzioa

Margarita Uriak (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia) esan du ez dakiela hautagaitza berriak aurkeztuko diren, baina Fernando Ruiz Piñierok bueltatzeko asmorik ez duela uste duela azpimarratu du.

Margarita Uria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokala ziur agertu da datorren martxoaren 24an egingo dute osoko bilkuran EAEko Auzitegi Nagusiko presidente berria aukeratuko dutela.

ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, orain arte aurkeztu diren bederatzi hautagaitzetatik "asko ziren baliagarriak" eta "kurrikulum onekoak", baina hautagaitza baten alde "13 boto batzeko ez gara gai izan", deitoratu du.

Uriak ukatu egin du EAEko Auzitegi Nagusiko presidente berria aukeratzeko negoziazioetan "bestelako adierazleak" aintzat hartu zirela, sektore kontserbadore eta progresistaren arteko akordioa lortzeko asmoz.

Martxoaren 24ko bileran ez dela beste deialdi batzuetaz hitz egin azpimarratu du eta, ondorioz, "inork ezingo du esan izendapena Katalunia, Valentzia edo Andaluzia konpentsatzeko dela".

Hautagaitzak aurkezteko azken egunea martxoaren 4a bada ere, Uriak esan du ez dakiela proposamen berririk izan den ala ez. Ildo horretan, argi utzi du Fernando Ruiz Piñeiro egungo jarduneko presidenteak berriro aurkezteko asmorik ez duela.

Aurreko deialdietan parte hartu zuten hautagai batzuek, Maria Victoria Cintok eta Manuel Diaz de Rabagok, hain zuzen ere, berriro aurkezteari uko egin zioten.