Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Iran: asmoak eta gertakariak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Netanyahuk errebelazio bat balitz bezala kontatu du mundu guztiak lehendik bazekiena: Iranek bonba atomikoa egiteko asmoa izan zuela eta hori egin ahal izateko programa ere garatu zuela.

Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak, errebelazio bat balitz bezala kontatu du mundu guztiak lehendik bazekiena: Iranek bonba atomikoa egiteko asmoa izan zuela eta hori egin ahal izateko programa ere garatu zuela.

Jakina. Hain zuzen ere, horregatik sinatu zuten Estatu Batuek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Alemania eta Erresuma Batuak programa hori gerarazteko akordioa, orain hiru urte.

Trumpek, orain, gainerako sinatzaileak kontutan hartu gabe bertan behera utzi nahi du akordio hura. Eta Netanyahuren errebelazio handiaren helburu bakarra da Trumpi lagundu eta argudioak ematea, hitzarmena bertan behera uzteko arrazoiak badirela sinestarazteko.

Baina eztabaidagaia ez da Iranek arma atomikoak egin nahi izan zituen edo ez, eta bere helburuak ezkutatu egin ote zituen ala ez. Garrantzitsuena da Iran betetzen ari ote den orain hiru urte sinatu zuena.

Energia Atomikoaren nazioarteko Agentziak bezala, Ameriketako Estatu Batuak ez beste sinatzaileek diote, baietz, Iran ari dela emandako hitza betetzen.

Trumpek, aldiz, beti esan izan du iruzurra dela hitzarmen hori eta akats handia egin zuela Obamak hura sinatuta.

Beraz, eta azken orduko sorpresa handirik ez bada, maiatzaren 12an Trumpek hautsi egingo du akordioa eta, horrenbestez, handitu egingo du Ekialde Erdiko tentsioaren maila.