Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

'Brexit': gutxienez agiri bat dago

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Europar Batasunetik ateratzeko nahien azalpena publiko egin du gobernu britainiarrak dokumentu baten bidez. Theresa Mayk aurkeztutako agiria brexit leunaren hildotik doa gogorretik baino gehiago.

Brexitari buruzko erreferenduma egin zenetik bi urte pasa dira eta behingoz gobernu britainiarrak agiria aurkeztu du, zehaztasun handirik gabe azaltzen du nola egin nahi den Erresuma Batua Europako Batasunetik irtetzeko prozesua. Theresa Mayk aurkeztutako agiria Brexit leunaren hildotik doa gogorretik baino gehiago. Merkantzien zirkulazio  askeari eutsiko zaio, baino ez pertsonenari. Hori bai, Europako beste herrialdeetatik datozen ikasleek eta langile kualifikatuek erraztasunak izango lituzkete erresidentzia baimena lortzeko. Ikusi beharko da “langile kualifikatuaz” zer ulertzen duten britainiarrek. Finantza zerbitzuek ez luteke zirkulazio librerik izango, eta horrek Londresko 'City'koak haserre bizian jarri ditu, galera handiak espero baititu.

Agiri bat egon badago, baina orain ikusi beharko dena da hori nola aplikatzen den. Europako Batasunak gorriz ohar ugari jarriko dizkio. Alderdi Kontserbadore britainiarrean Brexit gogorraren aldekoak  Mayren kontra labanak zorrozten hasi dira jada. Orain hobeto ulertzen da joan den astean Brexit gogorraren aldekoak diren Johnsonen eta Davisen dimisioak. Agiri hori bazetorrela ikusten zuten eta erabaki zuten iritsi aurretik hobe zela txalupa uztea.