Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Akordiorik ezaz mehatxatu du Europar Batasunak Londres

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Oso zaila dirudi abenduaren 31n akordiorik lortzea. Trantsizio epea luzatuz gero, negoziatzeko denbora gehiago lortu daiteke, baina oztopo gehiago egongo dira.

Michel Barnier Europar Batasuneko negoziatzaileak Londresko gobernuari ohartarazi dionez, ez da akordiorik “edozein preziotan” egongo. Barnierrek Londresko gobernuari “brexit”ari buruzko akordioa ez errespetatzea leporatu dio. Hala azaldu du igande honetan “The Sunday Times” egunkariari eskainitako elkarrizketan.

Astearte honetan laugarren negoziaketa txanda hastear dagoenean gertatu da Barnierren mehatxu hori. Lehengo hiru negoziaketa txandak porrotean amaitu ziren. Oztopo nagusienak hauek dira: Bruselak Londresi Europar Batasuneko konpetentzia baldintza berdinak eskatzen dizkio, auzietan Europako Auzitegiak erabakitzeko ahalmena izatea eta arrantza arloan erraztasun gehiago izatea ur britainiarretan aritzeko.

Gainera, frantziarrak esan duenez, ez da akordiorik egongo Londresek ez baldin badu joan den udazkeneko agiri politikoa betetzen, hori oinarrizkoa baita.

Eztabaidan dagoen akordio berriak etorkizuneko harremanak arautu behar ditu, abenduaren 31n amaitzen den trantsizio epearen ondorengo harremana. Oso zaila dirudi epe horretan akordiorik lortzea. Trantsizio epea luzatuz gero, negoziatzeko denbora gehiago lortu daiteke.

EBko buruzagiek ekaineko goi bileran trantsizio epea luzatzea erabaki dezakete. Baina Boris Johnson lehen ministroak aukera hori baztertu du. Buruzagi britainiarrak berretsi duenez, Erresuma Batua, “akordioarekin ala akordio gabe” irtengo de Europar Batasunetik urte amaieran. Orain trantsizio epean dagoen bitartean, Erresuma Batua behintzat Europako merkatu bateratuan eta arantzel batasunean dago. Beraz, trantsizio epe hori akordiorik gabe amaitzen baldin bada, 2021ko urtarrilaren batetik aurrera muga zergak eta merkataritzarako gainerako oztopo gehiago indarrean jarriko dira.