Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Txertoak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Zalantzarik gabe gizateriaren historian egindako proiektu bateratu eta aberatsena izan da, baina balio izan digu pandemiak ez gaituela hobeak egin egiaztatzeko.

Azken 76 urtetan jaiotakook ezagutu dugun tragedia beldurgarrienaren konponbidea izanik, txertoak lehia politiko, ekonomiko eta etikoaren ardatz eta ipar bihurtu izana ez da harritzekoa. Zalantzarik gabe gizateriaren historian egindako proiektu bateratu eta aberatsena izan da. Mundu guztiko adituek elkarrekin lan egin dutelako, gobernuek behar beste diru jarri dutelako eta behingoz guztiontzako izango den zerbait helburu nagusi eta orokorra bihurtu delako. 

Baina lehen ziztadak sartu aurretik hasi zen giroa nahasten. Industria farmazeutikoak urrearen kolorea antzeman zuen, bete ezin zezakeena agindu zien politikoei, horren ondorioz, herritarren artean etsipena zabaldu da, hitzemandakoa ez delako gauzatu eta konponbidea atzeratuko delako. Agintariek eta gobernuek tresna politiko gisa erabili dituzte, hasierako helburuak urratuz eta herritarren artean bereizketak eginez, gutarrak eta besteak, gertukoei eta urrutikoei tratu ezberdina emanez txertoak banatzerakoan.

Txerto batzuek, aldiz, jatorriaren zigorra pairatu behar izan dute eta horrek eragin duen mesfidantza, Astrazenecaren kasuan batez ere. Guzti hau espero zitekeen, ohiko borroka politikoa eta ekonomikoa delako. Hori bai, balio izan digu pandemiak ez gaituela hobeak egin egiaztatzeko. Baina beste eztabaida eta borroka batzuk askoz kezkagarriagoak dira, besteak beste, etikari eta elkartasunari lotutakoak direlako. Batzuek ez dute txertoa jarri nahi, itxuraz interes ezkutuak egon litezkeelako atzean, sendatzen ez duelako edo kalte egin lezakeelako osatu beharrean. Hainbat txertorekiko sortu diren zalantzek ez dute egoera erraztu eta jende askorengan mesfidantza indartu dute gainera.

Ziur aski berriro behin eta berriz azpimarratu beharko dugu txertoa izan dela medikuntzaren historian tresna eraginkorrena gaitzak menderatzeko, bizitza luzatzeko eta ongizatea sendotzeko. Txertoak eta edateko ura izan dira horretarako tresna nagusiak. Urtero txerto garaia iristen denean sortzen diren eztabaidak berriro suspertu dira egun hauetan, derrigorrezkoa izan behar al du txertoak? Benetan eragingarria al da? Zergatik behartu behar naute? Alde batera utziko ditugu urtero-urtero azaltzen diren teoria harrigarri eta barregarriak, txertoak ez duelako eztabaidarik onartzen, bere onurak egi zientifikoa direlako. Pandemia honetan gainera ez dugu beste tresnarik, eta aurka daudenei galdetu beharko litzaieke zer eskaintzen duten ordez, nola aurre egingo lioketen hiru miloi pertsona hil, 121 milioi kutsatu eta ezagutzen genuen guztia hankaz gora jarri duen gaitzari.

Txertoen aurkakoen parekoak dira bestalde zero arriskua edo arrisku eza aldarrikatzen dutenak. Txertoetan, botiketan eta bizitza honetako beste edozein jardueratan ez dago zero arriskurik. Zerbait erabili behar dugunean onurak eta kalteak neurtu beharra dago, kenketak eta batuketak egin eta erabaki. Modu bakarra baita aurrera egiteko.