Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Eredugarria

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Poloniak eta orohar Europar Batasuneko herrialde guztiek krisi honetan izandako jokabidea etorkizunerako eredu izan liteke, hemendik aurrera babes bila datozkigun errefuxiatuei eman beharreko tratuaren irudi eta ardatza. Zoritxarrez, ez dirudi hala izango denik.

Ukrainako gatazkak, sendoak ziruditen gure oinarri eta euskarri nagusiak dardarka uzteaz gain, gure ahuldade eta beldurrak azaleratu ditu. Azken 11 urtean Siriako gerra beldurgarria pairatu dutenei edo Afganistango egoera surrealistatik ihes egin dutenei ateak itxi dizkiegu, eta behar izanez gero indarra erabili dugu gure mugak urra ez ditzaten. Orain, berriz, Ukrainatik babes bila atera direnei besoak, ateak, eskolak eta lantegiak ireki dizkiegu.

Jokaera honi buruz azalpen asko eman dute giza portaera aztertu eta ikertzen dutenek, baina hitz bat erabili behar izanez gero, arrazakeria litzateke egokiena. Baina jokamolde horrek azpimarratzeko moduko aldea ere badu. Ukrainatik babes bila joandako 4 miloi pertsonen erdia ondoko Polonian geratu dira. Varsoviako Gobernuak hartutako neurriak goraipatzeko modukoak dira, zalantzarik gabe.

Ez dute kopuru mugarik jarri, Ukrainatik datozen guztiak hartuko dituzte. 18 hilabeteko baimena eman diete bertan egoteko, eta behar izanez gero epe hori 3 urte arte luzatzeko prest dira. Guztiei paperak eman dizkiete inongo oztoporik jarri gabe. Horrek aukera emango die lan egiteko eta oinarrizko zerbitzuak jaso ahal izateko. Milaka eta milaka haur ukrainar Poloniako eskoletan matrikulatu dituzte eta haur bakoitzari 65 euroko laguntza eman diote. Haur horiez arduratzen diren familia eta erakundeei, berriz, 8 euro egunero haur bakoitzeko.

Europar Batasuneko herrialde gehienetan antzerako jarrera erakutsi dute errefuxiatu hauekiko. Egia da Polonian errazagoa zaiela, lehendik ere miloi eta erdi direlako bertan lan egiten duten ukrainarrak, soldata handiagoak dituztelako, bisa erraz lortzen dutelako eta bi hizkuntzek antz handia dutelako. Langile ukrainarrek Mendebaldera abiatu diren poloniarren lekua hartu dute azken urteetan bertako lanlekuetan.

Poloniak eta orohar Europar Batasuneko herrialde guztiek krisi honetan izandako jokabidea etorkizunerako eredu izan liteke, hemendik aurrera babes bila datozkigun errefuxiatuei eman beharreko tratuaren irudi eta ardatza. Zoritxarrez, ez dirudi hala izango denik, eta Ukrainako gerrak eragindako elkartasun bulkada ahuldu egingo da babesa eskatzen digutenen azala eta jatorria ezberdinak direnean. Baina, nahi eta nahi ez, egun eta aste hauetan gertatu dena guztion gogoan geratuko den aurrekaria da, eta aurrerantzean zaila izango zaigu ate joka datozkigunei haientzako lekurik ez dagoela erantzutea, barruan gehiegi gaudela edo guztiontzako lekurik ez dagoela. Hor ere Ukrainakoak etorkizuna aldatuko digu.