Itxi

Felipe Etxebarria

Iruzkina

Boris Johnson: hiru urte, hamaika eskandalu

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarriak Erresuma Batuko lehen ministroaren dimisioaren nondik norakoak azaldu ditu.

Eskandaluek astinduta, Boris Johnsonek Alderdi Kontserbadoreko buruzagitza utzi behar izan du, oraingoz Erresuma Batuko gobernuburu gisa jarraituko du, bere ordezkoa izendatu arte. Boterera iritsi zenetik, 2019tik, bere agintaldia eskandaluz beterik izan da. Oihartzun handienekoak pandemia garaian antolatutako jaialdiak izan ziren.

'Partygate' jaiak, hasieran Johnsonek ukatu egin zuen antolatu zirela

2020ko maiatza eta apirila bitartean, Covid-19ari aurre egiteko britainiarrak konfinatuta zeuden bitartean, Downing Streeteko lehen ministroaren erresidentziak jaialdiak antolatzen zituen.

Polizia britainiarrak ikerketak egin zituen, eta 26 isun ezarri, horietatik bat Johnsoni berari; sekula ezagutu gabeko gertakizuna lehen minitro batentzat.

Ikerketa, argazki eta guzti, suntsigarria izan zen. Bertan alkoholez betetako jaialdiak izan zirela erakusten da, eta goizaldera arte irauten zutela.

Inflazioaren aurrean ezer ez egitea leporatu zaio gobernuari

Azken 40 urteetako inflaziorik altuena izan du Britainia Handiak, % 9,1ekoa maiatzean. Horren aurrean ezer ez egitea leporatu diote behin eta berriz Johnsonen gobernuari. Prezioen igoera larritu egin da, gainera, Ukrainako gerrarekin. Eta urrian oraindik askoz handiago izan daiteke energiaren prezioari mugak igoko zaizkienean.

Pandemia txarto kudeatzea kritikatu zaio

Covid-19ak Erresuma Batuan 178.000 heriotza eragin zituen. Johnsoni leporatu zitzaion pandemiaren aurkako neurriak beranduegi hartzea, 2020ko martxoan, eta nahikoa ez egitea nagusien erresidentziak babesteko. Bere alderdian bertan, 98 diputatuk uko egin zioten osasun pasea onartzeari, eta neurri hori azkenean oposizioko laboristen laguntzaz hartu behar izan zuen.

Interesen gatazka

Lobby kontserbadore batzuk kritikatuak izan ziren gobernuari presio egiteagatik enpresa pribatu batzuen mesedetan. Horiek ordaindu egiten zuten gobernuak beren aldeko neurriak har zitzan. Hori izan zen Owen Patersonen kasua, Ipar Irlandarako ministro ohiak 9.000 libera hartu zituen hilean (10.000 euro inguru).

Bere egoitzaren berriztatze gareztiegia

Johnsonek segurtatu egin zuen bere sakeletik ordaindu zuela Downing Streeteko 11. zenbakiko egoitza ofizialaren erreforma, baina ezkutatu egin zuen berriztatze lanak enpresari aberats batek emandako maileguarekin ordaindu zuela.

Horregatik 2021eko abenduan alderdi politikoen kontuak arautzen dituen hauteskunde batzordeak atentzioa deitu zion lehen ministroari. Eta 16.250 liberako isuna (ia 19.000 euro) ezarri zion Alderdi Kontserbadoreari, enpresariaren mailegu osoa ez deklaratzeagatik.

Luxusko oporraldia

2019ko hauteskundeak irabazi eta gero, Johnson Carrie Symonds bere andregaiarekin Granadinako Uharteetan luxozko egonaldian izan zen. Oporraldi hori David Ross enpresariak oparitu zion. Carphone Warehouse telefono mugikorren konpaniaren sortzailea da David Ross. Parlamentuko batzordeak erabaki arren ez zela kasu honetan lege-hausterik izan, kasu honetaz informazio zehatzagoa eman behar zuela esan zuen.

Gertaera horiek guztiek Boris Johnsonen irudia higatu dute bere alderdiarentzat zama bihurtu arte. Eta Alderdi Kontserbadoreak azkenean dimititzera behartu du.