Itxi

Bake prozesua

Erreakzioak

Basagoiti: 'Otegiren barkamen eskaera botoak lortzeko mozorroa da'

Erredakzioa

''Beren independentzia proiektuan aurrera egin ahal izateko herritarrek arreta gal dezatela nahi dute'', esan du Euskadiko PPko buruak.

  • Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidente eta hauteskundeetarako lehendakarigaia.

    Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidente eta hauteskundeetarako lehendakarigaia. EFE

Aurki kaleratuko duen liburuan Arnaldo Otegik ETAko biktimen familiei egin dien barkamen eskaera EH Bildurentzako botoak eta independentzia lortzeko ''mozorroa'' dela uste du Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidente eta lehendakarigaiak.

''Maskara eta mozorroa baino ez da'', esan du. ''Begiratu zein on aurpegia dudan mezua helarazi nahi digute, herritarrek arreta gal dezaten, eta beren independentzia proiektuak aurrera egin dezan'', esan du Basagoitik ABC Punto Radio irrati katean.

PPko Euskadiko buruaren hitzetan, Otegik ez du bakarrik jarrerengatik barkamena eskatu behar. ''Ekintzengatik ere eskatu behar du barkamena, ETAko kide izan delako, eta bere erantzukizuna ez delako min egin duten adierazpenak egitea bakarrik izan. Hilketari euskarri ideologikoa eta, momentu batzuetan, pertsonala ere eman izana da Otegiren erantzukina'', azaldu du.

Patxi Lopezen kontrako kritikak

Lehendakariak Otegiren barkamen eskaerari ''ongietorria'' eman izana gogor kritikatu du Basagoitik. ''PPk babesa kendu zionetik bakearen domina eskuratzeko lanetan dabil Patxi Lopez, eta, horretarako, begi-keinuak egiten dizkio Batasunari'', esan du.

Uribetxebarria auzia

Josu Uribetxebarria ETAko presoari baldintzapeko askatasuna eman izanak PPren eta bere militanteen artean ''arraila'' ireki ote duen galdetuta, ''kezkatuta'' dagoela erantzun du Basagoitik.

Ez du ''bidezko'' ikusten ETAren aurrean PP gogor ari dela zalantzan jartzea. "Min ematen dit jarrera horrek, hemen badaudelako oinarrizko baloreen alde bizia eman duten eta ematen ari diren zinegotzi eta militanteak'', azaldu du.