eguraldia
Aurrelarrialdi fasean
E.G. / E.A. | eitb.com
Getxok, Bilbok eta Donostiak neurriak hartu dituzte Nerbioi, Gobela eta Urumea ibaiek gainezka egin dezaketelakoan. Halaber, barnealdean abisu hori ezarri dute, elurragatik.
Bideoak (3)
Informazio gehiago (2)
Elurra izan da aurrena, eta, orain, euriaren eraginez izan daitezkeen uholdeak. EAEn uholde arriskua dela eta, Larrialdi Plana jarri dute abian, aurrelarrialdi fasean. Hala, autonomia erkidegoko larrialdi eta babes zibileko zerbitzuak erne daude.
Ostegun honetarako alerta laranja ezarri du Euskalmetek Bizkaian eta Gipuzkoan, euriteengatik. Asteazkenean abisu horia ezarri zuten ia atertu gabe egingo baitu euria, eta, gaur, alerta laranja izango da indarrean. 24 orduko epean, metro koadroko 60 litro pilatu daitezke. Horren ondorioz, errepideetan kontuz ibiltzeko gomendioa eman du Segurtasun Sailak.
Hain justu, Bilboko eta Getxoko udalek krisi-mahaiak bildu dituzte asteazken honetan, ibaiek gainezka egin dezaketela-eta prest izan behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen inguruan hitz egiteko. Donostian ere erne daude, eta Añarbeko urtegia ura askatzen hasi da.
Bilbon, lur-zakuak paratu dituzte Olabeagan, Deustuko Erriberan, Zorrotzaurren eta Elorrietan. Horrez gain, ura biltzeko sistemak eta estolderia egoki dauden konprobatzen aritu dira, badaezpada. Udalaren aurreikuspenen arabera, gauean urak ez du gainezka egingo herritarrei eragiteko moduan, baina prebentzio neurriak indarrean mantenduko dituzte. Itsasgora 06:30ean eta 19:00etan izango da, eta orduan espero dute unerik kritikoena.
Getxon, Gobela ibaiari so daude eta asteazken honetan bilera egin dute teknikariek eta zinegotziek, larrialdi zerbitzuekin lankidetzan aritzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Larrialdi Plana indarrean jarri du ostegun eta ostiral honetarako. Asteazken arratsaldean Gipuzkoan uraren maila ohikoa baino handiagoa zen, baina alarma egoerara iritsi gabe.
Elurra, Nafarroan eta Araban
Nafarroan eta Araban, bestalde, elurra dute protagonista. Asteazken honetan lehen elurteak izan dituzte Gasteizen eta Agurainen (Araba). Iruñean ere elur-malutak ikusi dituzte, eta Nafarroa iparraldeko hainbat txokotan (Orreagan edo Otsagabian, besteak beste) zuritu ere egin du. Bietan, abisu horia dago ezarrita ostegun honetan ere.
EAEn, 800-1.000 metroan kokatuko da elur maila ostegun goizean, eta 800-900 metrora jaisten joango da arratsaldean. Euriteekin eta elurrarekin batera, 4 metroko olatuak ere espero dituzte itsasoan. Nafarroan, berriz, 900-600 metroan kokatuko da elur-maila.
Errepideen egoera
Errepide sare nagusia zabalik dago, eta ez dago aparteko arazorik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dutenez. Asteazkenen arratsaldean, 18:30ean, EAEko mendate guztiak irekita zeuden, baina horietako batzuetan, bereziki Araban eta Gipuzkoan, kateak behar ziren.
Larrialdi zerbitzuak, adi
Egoerak okerrera egingo balu, Jaurlaritzak, aldundiek eta kaltetuak izan daitezkeen udalek osatzen duten batzorde aholkularia berriz bilduko litzateke neurri gehiago hartzeko.
Larrialdi zerbitzuak eta babes zibilekoak (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak eta boluntarioak) erne daude, uholdeak izan daitezkeelakoan. Gainezka egin ohi duten ibaiak bereziki ari dira zaintzen.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa