21:13

eguraldia

Eguraldia

Eguraldiklik-ek argazkien erakusketarekin ospatuko du X. urtemuga

Ekainaren 10etik 30era bitartean, EiTBren Bilboko egoitza nagusiaren sarreran ikusi ahal izango da.

2:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hamar urte dira jada ETBko 'Eguraldia' tarteak ataltxo bat ireki zuela erabiltzaileen argazkiak erakutsiz, han eta hemen zer eguraldi egiten zuen ikusleei erakusteko. Egun, ia telebista gehienek egiten dute horixe, baina ETBkoa izan zen aitzindaria. Zer arrakasta izan zuen ikusita, eta batez ere eguraldiaz aritzeko zein baliagarria zen ikusita, beste telebistek berehala erabaki zuten gauza bera egitea. Ekimen honen hamargarren urteurrena ospatzeko, 'Eguraldia'k erakusketa berezi bat prestatu du, asteazken honetan bertan zabalduko dena.

Inaugurazioan, Demode Quartet musika taldearen emanaldia izango da. Horrez gain, Urko Aristi orain arte 'Eguraldia'ren zuzendari izan denak, Andoni Aranburu EiTBren Komunikazio eta Estrategia zuzendariak, Ana Urrutia, Andoni Aizpuru eta June Ansoleaga aurkezleek, eta argazkien egileek hartuko dute parte.

Ekainaren 10etik 30era bitartean, EiTBren Bilboko egoitza nagusiaren sarreran, ikusi ahal izango da erakusketa, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Bertan, era berezi batean kokatuta, 50 argazki ikusi ahal izango dira, hainbat ataletan banatuta.

Urtaro bakoitzak bere tartetxoa izango du, eta hartara, gure herria nola aldatzen den uda, negua, udaberria edo udazkena izan egiaztatu ahalko dugu. Ilunabarrak eta egunsentiak dira erabiltzaileek bidalitako argazkietan ugarienak, eta hauek ere sartuko dira. Paisaiez harago, naturarekin lotutako beste hainbat argazki jaso dituzte urte guzti hauetan, eta horren erakusgarri animaliei eskainitako galeria berezia.

Aukeraketa zaila izan da, milaka izan direlako jasotako argazkiak, eta zein baino zein, denak ere eder askoak izan direlako. Aukeraketa horretan, ETBko aurkezle desberdinen laguntza izan dute, eta hartara, besteak beste, Africa Baeta, Asier Odriozola edo Ana Ramosen argazki gogokoena zein den ikusi ahalko du bisitariak. Aukeratutako argazki hauetaz gain, monitore batean beste ehunka argazki ikusteko aukera izango du 'Eguraldiklik 10 urte' erakusketara etortzen denak.

Azken hamar urte hauetan, inoiz Eguraldira argazkiren bat bidalitako lagunak 17.963 izan dira. Guztira 370.000 argazki bidali dituzte denen artean. Egun helburu horretarako erabiltzen duten erremintarekin 266.195 jaso dituzte, baina aurretik erabiltzen zuten Eguraldiblog-ean 100.000tik gora izan ziren bildutako argazkiak. Argazki gehienak Bilbo, Getxo, Hondarribia, Zarautz, Baztan, Sakana eta Bermeokoak izan dira. Baina erakusketan bertan ikusi ahalko denez, Euskal Herri osoko argazkiak jaso izan dituzte.

Izan ere, lurraldetasuna da telebistako tartean argazkiak erakusteko erabiltzen den arrazoi nagusienetakoa. Batez ere, eguneko eguraldiarekin lotura dutenak erakusten dira, saioaren helburua horixe bera baita, informazio hori eskaintzea. Emakume eta gizonen arteko oreka izaten ere ahalegintzen dira, nahiz eta oraindik ere gizonezkoak nagusi diren kolaboratzaileen artean. Eta izen berriren bat egonez gero ere, lehentasuna izaten du harrek.

Maiz kexatzen da jendea beti berdintsuak ateratzen direla, eta erabiltzaileek, aldiz, nahi bezainbeste ateratzen ez direla. Tamalez, oso laburra da telebista tartea, eta horregatik jasotakoen zati txiki bat baino ez da telebistaratzen, baina kanpoan geratutakoak ere edonork ikusi ahal ditu 'Eguraldia'ren web orrialdean sartuta www.eitb.eus/eguraldia (euskaraz) eta www.eitb.eus/eguraldiaETB (gaztelaniaz).

Iruzkinak