13:20

eguraldia

Udako iragarpena

Euskalmeten arabera, uda ohi baino hezeagoa izango da Euskadin

Erredakzioa

EAEko Meteorologia Agentziak iragarri duenez, uztaila eta abuztua ohi baino hezeagoak izango dira. Irailean, berriz, kontrako joera nagusituko da, hilabete eguzkitsua eta lehorra izango baita.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskalmetek datozen hilabeteetarako egindako iragarpenaren arabera, uda ohi baino hezeagoa izango da Euskadin. Erresuma Batuko Meteorologia Zerbitzuak eta AEBetako Meteorologia Zerbitzuak datozen hilabeteetarako emandako datuak aztertuta egin dute iragarpena.

Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztailean eta abuztuan hezetasuna nagusituko da. Hainbat faktoreren eraginez, lainoak ugaritu egingo dira eta euri langarra utziko dute isurialde atlantikoan.

Hala ere, Euskalmetetik ez dute baztertu Afrikatik aire masa beroa iristea. Hori gertatzen bada, tenperatura altuak nagusituko dira eta baliteke horrek ekaitzak eragitea.

Irailerako, aldiz, oso bestelako joera iragarri du Euskalmetek. Eguraldi egonkorra eta prezipitazio gutxiko hilabetea izango dela aurreratu dute, hego haizea nagusituko da eta tenperatura altuak erregistratuko dira.

Beraz, EAEko Meteorologia Agentziaren arabera, baliteke uda ohi baino hezeagoa izatea, uztailean eta abuztuan batez ere. Iraila, berriz, eguzkitsua eta lehorra izango da.

Datorren asteartean, ekainaren 21ean, 19:16an hasiko da ofizialki uda.




Iruzkinak