15:30

eguraldia

Eguraldiaren iragarpena

Bertan behera, euri zaparrada arriskua dela-eta ezarritako alerta

Erredakzioa

Euskalmetek 70 l/m2 baino gehiagoko prezipitazioak neurtu ditu Oiartzunen eta Lasarten.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, Gipuzkoan, larunbat honetarako ezarritako alerta laranja, euri zaparrada mardulak izan daitezkeelakoan, bertan behera geratu da. Azken orduetan, 70 l/m2 baino gehiagoko prezipitazioak neurtu ditu Euskalmetek Oiartzunen eta Lasarten.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdietarako Zuzendaritzak ubideen gaineko protokoloa jarri du martxan goizean, Oiartzun ibaia bere ubidetik atera zitekelakoan. Hala ere, ur mailak behera egin du. Protokoloa larunbat honetako 11:00etan jarri dute martxan, ibaiko ubideak erreferentziazko maila gainditu duenean. Oiartzunen, Errenterian eta Lezon 75 litro metro karratuko prezipitazioak jaso dira.

Gainera, udalerri honetako zenbait etxabe eta garaje urpean gelditu dira eta Errenteriako zenbait baserri hustu behar izan dituzte.


Asteburu honetarako iragarpena

Iragarpenaren arabera, larunbat honetan, giro ezegonkor eta nahasia izango dugu, batez ere eguerdira bitartean. Lainotuta egongo da leku askotan eta euri zaparradak espero ditugu, batez ere goizean, lehen orduetan. Arratsaldean euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da, aterruneak luzatu egingo dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura dezente jaitsiko da; atzoko balioak baino 5 edo 6º baxuago geratuko dira gaurko tenperatura maximoak.

Igandean tenperaturak jaisten jarraituko du. Fronte hotz baten bisitak eragingo du jaitsiera, gainera, zerua estalita geratuko da eta euria egingo du lurralde osoan, bereziki kantaurialdean eta goizean eta eguerdi partean.

Astelehenean giro atseginagoa izango dugu. Ipar-mendebaldeko haizea igandean baino suabeago ibiliko da eta hodei geruza ere arinagoa izango da, nahiz eta kantauri isurialdean ez diren erabat desagertuko. Gauzak horrela, arratsaldean itsasaldetik sartuko diren hodeiek euri apur bat ekar dezakete. Egunez termometroa 22-25º inguruan kokatuko da ordurik goxoenetan.

Iruzkinak