cerrar buscador

18:39

eguraldia

Eguraldiaren iragarpena

Abisu horia EAEn 90 km/h-rainoko haize-ufadengatik

Erredakzioa

Larunbat eguzkitsu eta atsegina izan ostean, euria bueltan izango dugu igande honetatik aurrera. Gainera, haizea zakartuko da kostaldean.

01:08
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandean aldaketa izango da, berriro. Giro iluna eta euritsua espero dugu, batez ere eguerditik aurrera. Egunaren hasieran zerua larunbatean baino hodeitsuago egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Eguerdian haizea iparraldera aldatu eta euria indar handiagoz egingo du orduan; kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan litezke.

Egunaren bigarren partean kostaldean haizea zakartu egingo da nabarmen, bolada oso gogorrekin eta itsaso zakarrarekin. Tenperatura maximoek behera egingo dute gradu pare bat; minimoak barnealdean hotzak izango dira.

Halaber, Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu hori ezarri du igande honetarako, 12:00etatik 00:00etatara, kostaldean 4 metrorainoko olatuak izan daitezkeelako. Gainera, 90 km/h-rainoko haize-ufadak izateko arriskua dagoenez, beste abisu horia ezarri du.

Astelehenaren lehenengo partean euria egiten jarraituko du; hegoaldean gutxi, baina kantauri isurialdean zaparradak sarri botako ditu. Arratsaldea aurrera joan ahala atertu egingo du, baina gauera arte ez du garbituko.

Haizeak mendebal/ipar-mendebaldetik joko du, baina ahulago ibiliko da eta ez du igandeko giro ezatsegina sortuko; gauean aldakorra eta ahula izango da. Tenperatura minimoak hotzak izango dira atzera; maximoak beste gradu pare bat jaitsiko dira eta giroa freskoa izango da.

Asteartean meteorologia kontuetan gorabehera handiekin segituko dugu. Oraingoan hegoaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen; altuenak 20-22º inguruan egotea espero da.

Tenperatura minimoak, aldiz, hotzak izango dira. Zeruan ostarte handiak zabalduko dira, erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin; eguerdian hodeiak ugariagoak izango dira eta iluntzera egingo du, baina ez du euririk egingo. Haizea indartu egingo da.

Iruzkinak