Itxi

EITB TALDEA

Radio Vitoriak 80 urte

Radio Vitoriaren 80. urteurreneko ospakizuna, tarta eta guzti

A.H.

EITB

Irratiaren urtemuga ospatzeko, besteak beste, bizikleta maratoi solidario bat egingo da Juan Carlos Najera abenturazalearekin eta Kaleidoskopioa ikuskizuna eskainiko da.

Radio Vitoriak bere lehenengo emisioa egin zuenetik 80 urte bete dira astearte honetan, irailak 30. Zortzi hamarkada hauetan, etengabe garatuz joan da Radio Vitoria, Arabako entzuleen erreferentziazko irratia bihurtzeraino. Radio Vitoriako langile eta kolaboratzaile guztiak, Odile Krutzeta Eusko Irratiko zuzendariarekin batera, argazkirako bildu dira gaur, 80. urteurreneko tartaren inguruan, irratiaren ibilbide luzea ospatzeko. Orain arteko konpromisoari eutsiko diote aurrerantzean ere Radio Vitoriako langileek: entzuleenganako gertutasuna, eta hauen arazo, ardura eta interesekiko inplikazioa.

80. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldien berri emateko prentsaurrekoa egingo da datorren ostegunean, urriak 2, Gasteizko Florida parkean, goizeko 11:30ean. Kultura, kirola eta gastronomia uztartuko dituen ekimenekin borobilduko dute urtemuga berezi hau.

80 urteurreneko ospakizunak

'Biziketada' solidario batekin hasiko dira Radio Vitoriaren 80. urteurreneko ospakizunak, larunbatean, urriak 4ean. Juan Carlos Najera 24 orduz ibiliko da bere bizikletaren gainean, Gasteizko Florida Parkearen inguruan. Minbiziaren kontrako borrokaren aldeko maratoi herrikoia izango da. Partaidetza irekia izango da, hau da, nahi duenak nahi duen denboran zehar lagundu diezaioke Juan Carlos Najerari bere bizikleta gaineko erronka honetan.

Juan Carlos Najera abenturazale gasteiztarrak planeta osoan zehar espedizio handitan parte hartu du, eta erronka berri hau energia eta ilusio handiarekin hasteko prest dago. Larunbatean 12etan hasi eta igandeko eguerdiko 12ak bitartean luzatuko da maratoia. Aldi berean, hainbat ekitaldi egingo dira Florida parkean: 18:00etatik aurrera haurrentzako Hiru3 Jaia izango da Kioskoan, eta 22:00etan hasita Oihan Vega DJak Gaztea Gaua musika emanaldia eskainiko du.

Esan bezala, maratoi solidarioa igande eguerdian amaituko da. Ordu horretan, Arabako produktuekin egindako pintxo dastaketa antolatuko da parkean bertan.

Ospakizun ekitaldiak hurrengo asteburuan amaituko dira. Urriak 11n (larunbata), hain zuzen ere, musikaz, argiz eta soinuz osatutako Kaleidoskopioa ikuskizuna eskainiko da Probintzia Plazan, gaueko 22:00etatik aurrera. Dantzak, txalapartak eta Big Bandaren musikak osatuko dute kolorez beteriko emanaldia.

Radio Vitoriak aipatutako ospakizun, ekitaldi eta ikuskizun guztien berri emango du zuzenean.

80 urteko historia

80 urte bizitza oso bat dira eta, bizitza guztietan gertatzen den moduan, hazten, aldatzen eta heltzen joan da Radio Vitoria. Teknologia berrien eta Interneten menpe bizi den egungo irrati digitalak ez dauka zerikusirik 1934ko irailaren 30ean Prudencio Maria Berasategui kaleko 10. zenbakitik, 200 watteko potentziarekin, emititzen hasi zen irratiarekin.

Bidaia luzea egin du denbora honetan eta egoitza ezberdinetan egon da kokatuta. Aurrezki Kutxarena izan zen lehendabizi eta Ser katearena ondoren. 1982an EiTB Komunikazio Taldeko partaide izatera pasa zen. Zalantzarik gabe, bultzadarik erabakigarriena jaso zuen etxe honen kide bihurtu zenean.

Francisco Hernandez Peña jauna izan zen Radio Vitoriako sortzailea; EAJ 62 adierazgarria eta 1.500 kc frekuentzia lortu zituen lehenengo urteetako emisioetarako. Garai hartan, emisio denbora oso murriztua zuen Radio Vitoriak, bazkalosteko 13:00etatik 15:00etara, eta gaueko 21:30etik 23:00tara emititzen zuen. 1942an 8.000-10.000 hitz emititzen zituen irratiak egunero, nahiz eta 27.000-30.000 hitz emititzeko baimena izan.

1947ko abenduaren 2an, Aurrezki Kutxaren eskuetara pasa zen Radio Vitoria, eta zuzendari berriek inbertsio handia egin zuten giza eta teknika baliabide gehiago lortzeko.

1954ean Cadena Ser irratiarekin elkartu zen, eta bategite honek programazioa aberastea ekarri zuen. Radio Vitoriak Madriletik emititzen ziren hainbat saio eskaini zituen garai hartan, eta konexio hauekin, goizaldeko ordu batak arte luzatu zuen bere programazioa.

1981eko irailean, Aurrezki Kutxaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko kontaktuak hasi ziren Radio Vitoriaren salerosketarako. 1981eko urriak 26an egin zuten salmenta akordioa, eta abenduaren 24ean sinatu zen notario-akta. Horrela, 1982ko urtarrilaren 1etik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren menpe geratu zen Radio Vitoria, sortu berri zen Euskal Irrati Telebista komunikazio talde publikoaren barruan.

Lehenengo urteetan, Ser irrati kateari lotuta jarraitu zuen, baina 1985etik aurrera, Madrilekin egiten zituen konexioak bertan behera utzi zituen. Ordutik aurrera, Radio Euskadi bihurtu zen Radio Vitoriaren eduki-hornitzaile nagusia, albistegi orokorretan eta gaueko saioetan.