Itxi

EITB TALDEA

EiTBren txostena

Albistegietako lidergoa sendotzea, EiTBren helburua 2016rako

Euskarazko edukien eskaintza zabaltzen jarraitzea, taldearen beste oinarri nagusia izango da. Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak aurtengo erronkak zehaztu ditu eta 2015eko balantze egin du.

  • EiTBren 2015eko txostenaren aurkezpena

    2015eko txostenaren aurkezpenarekin batera, ETBko programazio berria aurkeztu da. (Argazkia: EiTB)

EiTBren 2015eko emaitzen nondik norakoak azaldu ditu Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak ostiral honetan, Donostiako Tabakalera zentroan. Halaber, eta Donostiako egonaldia aprobetxatuz, 12 egun barru inauguratuko den Donostia-San Sebastian 2016rekin duen konpromiso sendoa gogoratu nahi izan du. EiTB DSS2016ren partaide ofiziala da eta EiTBko hedabide guztiek Donostiaren Europako Kultur Hiriburuaren urteko ekitaldien jarraipen zabala egingo dute. Hasteko, inaugurazioa bera eskainiko du zuzenean ETBk hilaren 23an.

Maite Iturbek amaitu berri den urtearen balorazio positiboa egin du. "Hala ere, krisialdiaren testuinguruak baldintzatu du urtea. Izan ere, gure artean zortzi urte daramatzan ekonomia-atzeraldi luzearen ondorioak jasan ditugu. Bertatik irteteko denbora gehiago beharko dugu, eta sortzen diren aukerak ondo baliatu beharko ditugu", adierazi du.

EiTB aukera errealetara moldatu dela erantsi du zuzendari nagusiak. "Aurrekontuaren egonkortasuna mantentzeko diru-sarrera publikoen eta pribatuen etengabeko murrizketak gure gain hartu ditugu. EiTBk bere dimentsio ekonomikoa %30 murriztu du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren eskakizunak bete ditu", esan du.

"2015ean zerbitzu publikoaren eredu berri bat ezarri dugu, hiru ardatzetan oinarrituta", azaldu du. Jarraian, hiru ardatz horiek zehaztu ditu: "Herri bateko komunikabidea gara, eta herri horren garapenari eta ongizateari laguntzeko konpromisoa hartu dugu; EiTBk euskal komunikazio-eremuaren sorrera sustatzen du, protagonista propioekin eta euskal herritarren interesen mesederako argumentuekin;eta azkenik, EiTBk gure ikus-entzunezko esparrua garatzen laguntzen du, ekoizpen eta erreferentziazko markak sortuz. Sektore barruan, beste egitekoa ere bada euskal zinemarekin beharrezkoa den harremana eta konpromisoa".

Hiru urte albistegietan lider

ETBko audientzia emaitzei dagokionez, albistegien lidergoa azpimarratu du Iturbek berriz ere, 2015ean %20ko audientzia zatia eskuratuz.' Teleberri' albistegia 38 hilabetez jarraian Euskadiko albistegirik ikusiena izan da. Orotara ETBk %11,6ko audientzia lortu du: %1,9 ETB1en, %8 ETB2n, %0,6 ETB3n eta %1,1 ETB4n.

"Gure komunikazio ereduak bi apustu estrategiko egin ditu eta horietan arituko gara 2016ean ere: alde batetik, euskarazko eduki berrien eskaintza zabalari eutsi eta modu dinamikoan ekingo diogu; beste alde batetik, albistegi zerbitzuen lidergoan eta aktualitatearen esparruan gizartean dugun erreferentziazko betebeharrean sakonduko dugu", adierazi du Maite Iturbek.

Jarraian, EiTBko irratiek lortu dituzten emaitzez jardun da. Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, Radio Vitoria eta EiTB Musikak milioi erdi entzuleak gainditu dituzte astelehenetik ostiralera. "EiTBko Irratiek ia-ia %40ko merkatu-kuota dute. Esparru publikoan, kasu bakarra eta berezia da", gaineratu du.

"Egunero, 231.000 entzulek jarraitzen dituzte gure goizeko solasaldiak eta albistegiak. Beraz, EiTBren irratiak erreferentzia informatiboa dira Euskal Herrian. Horrek esan nahi du EiTBk irratian ere baduela 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien bidez telebistan duen lidergoa", azaldu du. "Astelehenetik ostiralera, Radio Euskadik 177.000 entzule biltzen ditu, Euskadi Irratiak 149.000 eta Radio Vitoriak 31.000. Guztira, 357.000 entzulek sintonizatzen dute gure informazio eskaintza. Irrati-formulan Gaztea da erreferentea, 119.000 entzulerekin, eta EiTB Musika 30.000 entzuleraino hazi da", gaineratu du Maite Iturbek.

eitb.eus web gunearen inguruan, zuzendari nagusiak eitb.com-etik eitb.eus-erako domeinu aldaketa ondo bete dela azpimarratu du. "Globe Runner estatubatuarrak aitortu duenaren arabera, EiTB.EUS domeinua munduko laugarren website onena izan da 2015. urtean, eta domeinu berriko websiten konfiantza-fluxuekin mantendu da", esan du. EiTBren web gunearen erabiltzaile bakar errekorra ere aipatu du: ia bi milioi erabiltzaile bakar dira hilabetean bataz beste eitb.eus-ek dituenak.

Euskal zinemarekin konpromisoa

Horrez gainera, Maite Iturbek tarte berezia eskaini dio EiTBk zinemarekin duen konpromisoari. "Zinemari 4.800.000 euro eskaini dizkiogu, eta horien %42 euskaraz ekoitzitako zinemari eman dizkiogu. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala den CNMCren azken txostenean baieztatu da ETBk zinemari egiten dion ekarpena %31koa dela, telebista autonomikoek osotasunean egiten dituzten ekarpenak oinarri hartuta", azaldu du.

2015eko ekitaldian ETBk 12 film luze, 2 telesail eta 17 dokumentaletan parte hartu du. Besteak beste, hauexek nabarmendu behar ditugu: Gernika, Igelak eta Un otoño sin Berlin. Horrez gain, 10 titulu estreinatu dira, hala nola, Asier Altunak zuzendutako Amama, Zinemaldiaren azken edizioaren lehiaketako atal ofizialean parte hartu zuena; Borja Cobeagaren Negociador, Goya sarietan hainbat izendapen jaso dituena; eta Basque Films taldeak ekoitzitako Poseso, Europako Annecy animazio-jaialdi garrantzitsuaren atal ofizialean parte hartu zuena.

Aurrekontuan oreka

Beste behin, aurrekontuari dagokionez orekari eutsi diola adierazi du zuzendari nagusiak: "Finantza-orekari eusten diogu, nahiz eta aurreikusi gabeko gastuak geure gain hartu behar izan ditugun. Hori diru-sarrera propioen aurrekontua hobetu dugulako gertatu da. Merkataritza diru-sarreretan izan dugun hazkundea sektorearen batez besteko kopurutik gora dago".

EiTBren 2015eko aurrekontua 127 milioi eurokoa izan da. Hortik, 17 milioi diru-sarrera propioei dagozkie, eta gainerakoa finantzazio publikoa da. Sozietateka, honela banatu da dirua: %4 herri-erakundearentzat, Taldea eta EiTBren sozietateak kudeatzeko; %2 EiTB Net-entzat; %19 Eusko Irratiarentzat; eta %74 ETBrentzat. Diru-sarrera propioak %13 igo dira 2015. urtean.

Sarrera propioen %83 publizitate-tarteen salmentatik dator. Iaz aurreko urtean baino %10 altuagoa izan da kapitulu hori, eta igoera, gainera, sektoreko batez bestekoaren gainetik dago. Hortaz, sarreren atal hau funtsezkoa izan da Taldearen finantzen orekarako, ezohiko hainbat gasturi egin behar izan baitzaie aurre.

baitzaie aurre.

baitzaie aurre.

baitzaie aurre.