Itxi

EITB TALDEA

Datuak

eitb.eus-ek 150.000 erabiltzaile izan ditu egunean eta 3.500.000 hilean, 2018an

eitb.eus

2018a inoizko urterik onena izan da eitb.eus atariarentzat: 150.000 erabiltzaile bakar baino gehiago izan ditu egunean batez beste, eta ia 3.500.000 jarraitzaile hilean.

  • Kazetari bat Altsasuko auzia jarraitzen. Artxiboko argazkia: EFE

    Kazetari bat Altsasuko auzia jarraitzen. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus-ek, bukatu berri den 2018 urtean, batez beste, 153.053 erabiltzaile bakar izan ditu egunean eta ia hiru milioi eta erdi jarraitzaile hilean, 3.425.152 zehazki, Google Analyticseko datuen arabera. Datuak behin behinekoak dira, izan ere, OJD Interactivak hilabetearen erdialdean egiaztatzen ditu, baina ez da aldaketa esanguratsurik izaten.

2017ko datuekin alderatuta, % 15 baino gehiago hazi da eitb.eus, eta bere historiako urterik onena izan da 2018a. Audientzia handiena izan duten hilabeteak apirila, maiatza eta ekaina izan dira. Hiru hilabete horietan, lau milioi erabiltzaile bakar lortu ditu atariak, ETB2ko "El Conquistador" saioari eta Euskal Herriko Itzuliari eta Italiako Giroari esker, besteak beste.

Albisteen alorrean lider

2018an bisita gehien izan dituzten edukiak aktualitate alorrekoak izan dira. Horrela, bada, albisteen atariak izan du jarraitzaile kopururik handiena. Arrakasta handiena izan duten gaiak Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketa eta hondamendi naturalak izan dira; Fuego sumendiaren erupzioaAmerikan izandako lurrikarak eta Indonesian abenduaren bukaeran gertatutako tsunamia. Martxoaren 8ko greba feministako edukiek eta jaietako programek ere arrakasta handia izan dute, eta euskarazkoen artean, bertsolaritza txapelketen ingurukoek.

Kirol esparruko gaiei dagokienez, futbola, txirrindularitza eta arrauna izan dira nagusi. Errusiako Munduko Futbol Txapelketa, Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Euskal Herriko Arraun Txapelketa nabarmendu behar dira.

Irrati eta telebistako edukien arrakasta

Telebista atarian, "El Conquis" eta "Go!azen" telebista saioen webgune bereziak. ETB1eko saioak emaitza oso onak lortu ditu telebistan, baita webgunean ere. ETB2ko saioa, berriz, urtarrilaren 7an abiatuko da. Aurtengoa hamabosgarren edizioa izango da, eta EiTBren sare sozialetan giroa berotu du jada.

EiTB Taldeko irratiek Internet bidez jarraitzaile ugari dituzte, bai zuzeneko emanaldiek bai audioek eta podcastek, irratiek historiako daturik onenak lortu dituztenean hain justu. CIESek abenduaren 21ean argitaratutako datuen arabera, 525.000 entzule dituzte EiTB Taldeko irratiek.

Beste plataformetako igoerak

Gazteak eta Hiru3k Maketa Lehiaketa, Izan EiTB Jaia eta Olentzero Whatsappean ekimenen bidez lortu dute arrakasta, besteak beste, eta egiten diren zozketek ere internauta asko erakartzen dituzte. Biek dute aplikazioa, baita "Go!azen" telesailak eta EiTBk ere. Hilean, batez beste, 50.000 erabiltzaile izan ditu Euskal Irrati Telebistak aplikazioetan, eta azken hilabeteetako datuek nabarmen egin dute gora "Go!azen" telesaila ETB1era itzuli denetik. Abenduan, 25.000 umek eta gaztek erabili dute saioaren aplikazioa.

Sare sozialen bidez, batez beste, 830.000 bisita iritsi dira hilean EiTBko edukietara. Facebook da sarrera iturri nagusia, 700.000 bisita eman baitizkio eitb.eus-i, eta Twitterrek, berriz, 110.000. Instagrami dagokionez, gero eta indar handiagoa hartzen ari da, gazteen artean bereziki, eta Gaztea eta EiTBren kontuek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte, baita saioetakoek ere.

Datu horiei guztiei, hilean, batez beste, HbbTVko telebista konektatuen bidez EiTBko edukietara iritsi diren 275.000 erabiltzaileak gehitu behar zaizkie.