Itxi

EITB TALDEA

Durangoko Azoka

EiTB Durangoko Azokan murgilduko da

Horrez gain, EiTBren eduki eta produktuen erakusleihoa izango den EiTB Gunea egongo da azokaren kanpoaldean.

  • 54. Durangoko Azokaren kartela.

    54. Durangoko Azokaren kartela.

EiTB taldeko hedabideek Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 54. edizioaren jarraipen zabala egingo dute.

Ostegunean hasi eta igandera bitartean, Euskal Telebistako albistegi eta saioek Azokatik zuzenekoak eta eduki bereziak eskainiko dituzte. Gainera, egunero, sortzaileen arteko solasaldiak izango dira ikusgai 'Azoka DA!' saioan, euskaraz, ETB1en eta ETB2n.

Halaber, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak Durangotik bertatik eskainiko dituzte zuzeneko saioak. eitb.eus-ek, bere aldetik, Azokari buruzko webgune berezia izango du eta Durangoko nobedade, albiste eta eduki guztiak bilduko ditu.

Horrez gain, aurten ere, EiTB Gunea izango dugu Landako Gunearen kanpoaldean, abenduaren 5etik 7ra, eta EiTBko hainbat edukiren erakusleihoa izango da.

EiTB Gunean ekitaldi eta aurkezpenak

Ostegunean, abenduaren 5ean, EiTB Euskal Kantak on line musika irrati kanal berria aurkeztuko dute EiTB Gunean, 10:30ean, Urko Aristi EiTB Irratietako zuzendariak eta Iñigo Zeberio EiTB Musikako buruak. Euskarazko kantagintzaren zabalkundea eta promozioa egingo du sarean EiTB Euskal Kantak irrati digitalak.

Ostiralean, abenduaren 6ean, 'Go!azen'en bigarren liburuaren aurkezpena izango da 10:30ean. Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia, Jasone Osoro idazlea, eta Karmele Larrinaga eta Itziar Urretabizkaia aktoreak egongo dira aurkezpenean.

Ondoren, 'Kartzela' serie digitalaren aurkezpena izango da 11:30ean. Honako hauek hartuko dute parte, besteak beste: Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakariak; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak; Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak; Mikel Arregi, Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendariak; Lander Arretxea, Hiru Damatxo Ekoiztetxeko kideak; 'Kartzela' serie digitaleko gidoilarietako batek; eta Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga aktoreek, Garazi eta Mara pertsonaiei bizia ematen dietenak, hurrenez hurren.

Ostiralean bertan, arratsaldean, 16:00etan, 'Lur eta Amets' film eta antzezlanaren aurkezpena izango da EiTB Gunean.

Larunbatean, abenduaren 7an, 'Ihesaldia',  ETB1en ikusgai izango den telesail berria, aurkeztuko dute Edu Barinaga ETBko zuzendariak, Jabi Elortegi telesailaren zuzendariak eta hainbat aktoreek, goizeko 10:30ean. Arratsaldean, telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia egingo dute Zugazan, Irudienearen programazioaren barruan, 19:00etan. Gorka Garcia ETBren Programa eta Arte zuzendariak egingo dio sarrera emanaldiari.

Horrez gain, 'Go!azen' telesaileko protagonistak EiTB Gunera hurbilduko diren jarraitzaile guztiekin, argazkiak egingo dituzte arratsaldero (17:00etatik 19:00etara), abenduaren 5, 6 eta 7an.

Bestalde, Gaztea Errepidean ekimenak, ostiralean, abenduaren 6ean, Gazteako musika kalera aterako du kamioi berezi batean. 15:30ean Azokako ataritik irten eta geldialdia egingo du Plateruena Antzokian. Bertan, kontzertu labur bat eskainiko du Xabi Solanok kamioiaren goiko partetik. Ondoren, Txurru eta Oihan Vega Gazteako esatariek musika ipiniko dute, Ezkurdi Plazan, 18:30ak arte. Une oro, euskal musika entzungo da bozgorailuetatik.

Telebistako edukiak

Ostegunean hasi eta igandera bitartean, Euskal Telebistako albistegi eta saioek Azokatik zuzenekoak eta eduki bereziak eskainiko dituzte.

Hasteko, Durangoko Azokaren irekiera ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango dugu 'Egun On Euskadi' albistegian, ostegunean. Arratsaldean, gainera, Ilaski Serranok aurkeztuta, Durangotik zuzenean egingo dute 'Ahoz Aho' saioaren lehen tartea, 16:00etatik 17:00etara. Halaber, ETB2ko 'Qué Me Estás Contando' saioak ere, zuzenekoak egingo ditu eta eduki bereziak eskainiko ditu Azokaren eguneko gaiak uztartuz.

Aurten, nobedade bezala, 'Azoka DA!' saioak Durangora hurbildu diren sortzaile ezberdinen arteko solasaldia eta Azokaren eguneroko laburpena eskainiko ditu. Egunero, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en izango da saioa ikusgai, euskaraz: ETB1en, 21:00etan, eta ETB2n, azpi-idatziekin, goizaldeko 01:00ak aldera (hurrengo egunean, goizean errepikatuko da emanaldia).

Azoka hasi eta hurrengo egunetako ekimen, aurkezpen eta albisteen berri emango dute Euskal Telebistako 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek.

Irratian programazio berezia

Azokak iraungo duen egunetan, Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko saio desberdinetan Durangon bertan gertatzen denaren berri emango dute Juan Ramon Martiarena eta Malu Odriozola kazetariek, hurrenez hurren. Horrez gain, irratiko hainbat saio Azokatik bertatik egingo dira zuzenean.

Abenduaren 5ean, Azokaren irekiera zuzenean emateko, konexioak egingo dituzte, Jon Aizpuruak Euskadi Irratian eta Idoia Jauregik Radio Euskadin. Horrez gain, Euskadi Irratiko Kultur Leihoa (14:30ean) bertatik egingo dute zuzenean, eta Radio Euskadiko arratsaldeko programak ere, Kultura.eus (13:45ean), Iflandia (16:00etan) eta Graffiti (17:00etan) Azokatik egingo dituzte zuzenean.

Abenduak 6ean,  Euskadi Irratiko 'Amarauna' saioa(10:00etatik 13:00etara) Azokatik bertatik egingo dute zuzenean, eta Gaztean, ostiralean, 'B Aldea' saio berezia egingo dute, 19:00etatik 20:00etara, Durangotik zuzenean.

Abenduaren 7an, Radio Euskadiko 'Más Que Palabras' saioa ere, zuzenean egingo da bertatik (9:00etatik 14:00etara).

Eduki hauek guztiak eitb.eus-ek Durangoko Azokari eskaintzen dion webgune berezian egongo dira eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean,  'Iflandia', 'Graffiti' eta 'B Aldea' saio bereziak.

Halaber, eitb.eus-ek Ahotsenea guneko zuzeneko eta solasaldi guztiak streaming-aren bidez eskainiko ditu, egunero.