Itxi

EITB TALDEA

Eusko Legebiltzarra

EITB eta Gogora elkarlanean arituko dira programazio transmedia bat adosteko

EITB Media

Lankidetza hitzarmena sinatuko dute, memoriaren eta giza eskubideen sustapenaren esparruan programazio transmedia bat zehazteko.

0:51
Andoni Aldekoa. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

EITBk eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak lankidetza hitzarmena sinatuko dute, memoriaren eta giza eskubideen sustapenaren esparruan programazio transmedia bat zehazteko. Hala iragarri du asteazken honetan Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean, EITBren Kontrolerako Batzordean egin duen agerraldian. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera egin du iragarpena.

Joan den azaroaren 1ean, EITBko zuzendari nagusi bezala Kontrol Batzordean egindako lehen agerraldian aurreratu zuen Aldekoak Gogorarekin lankidetzan aritzeko asmoa; gaur, asmo hori berretsi du Legebiltzarrean. "EITB pluraltasun eta eztabaida publikorako plataforma bezala indartzeko pauso berriak ematen ari gara, zerbitzu publikoaren aldeko apustuari eta EITB euskal gizartearen aurrean instituzionaltzeko xedeari eutsiz", esan du.

"EITBk konpromiso argia du bake, elkarbizitza eta giza eskubideen politikekin. Memoria politiken alde egin behar eta egin nahi dugu, eta gai honetan enfrentamendua ekidin", gaineratu du Aldekoak.

Hitzarmenaren helburua da audientziarentzat interesekoa izango den urteko programazio multimedia definitzea, EITBko zuzendari nagusiaren hitzetan. "Tematika bakoitza telebista ikuspegitik lantzeaz gain, irratietarako, interneterako eta transmedia produktu bezala ere jorratuko da, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere", azaldu du.

EITBk proposatuko du urtean 4-5 produktu ezberdin landu ahal izatea, gai ezberdinekin, beti zentraltasuna eta biktima guztien duintasuna errespetatzeko helburuarekin.