Itxi

EITB TALDEA

Audientzia

ETBren hazkunde etengabea, azken hamabi urteetako maiatzeko audientziarik onenarekin

EITB Media

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak liderrak dira Euskadin eta "El Conquistador del Caribe" realitya asteleheneko ordutegi nagusian audientzia-buru da.

0:26
ETBren hazkunde etengabea

ETBk apirileko datu bikainak gainditu ditu eta % 14,0ko audientzia-zatia lortu du maiatzean, azken hamabi urteetan lortzen duen maiatzeko daturik onena. Ikus-entzuleek ETBren telebista eskaintza babestu dute beste behin: ETB1ek % 2,4ko audientzia-zatia eskuratu du eta ETB2k % 10,9koa. Halaber, aipagarria da astelehenean, maiatzaren 31n, ETB2k izandako audientzia datu ezin hobea: eguneko kanalik ikusiena izan zen % 16,2ko audientzia-zatiarekin, 2012tik lortzen duen daturik altuena.

Gainera, ETBko kanalek 2021ean, bataz beste, % 13,7ko audientzia-zatia lortu dute, 2009tik lortzen duten urteko daturik onena.

Euskal Telebistako albistegiak liderrak izan dira berriro ere eta % 26,2ko audientzia-zatiarekin itxi dute maiatza. Audientzia metatuari dagokionez, 279.000 ikus-entzulek bat egin dute albistegiekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan. "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek lidergoari eutsi diote azken bederatzi urteetan eta 2021ean, urtarriletik maiatzera, % 26,2ko audientzia-zatia eta 313.000 ikus-entzuleko audientzia metatua mantendu dute.

Saioen artean, aipagarriak dira ETB1eko "Biba Zuek!", "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "Ur Handitan" saioak, baita maiatzeko kirol hitzordu garrantzitsuenak ere: Binakako Txapelketako finala, Italiako Giroa eta Banakako Txapelketa.

ETB2n, "El Conquistador del Caribe" realityak lidergoari eutsi dio maiatzean datu historikoak eskuratuz, "Atrápame Si Puedes Finde" lehiaketak bere hilabeteko kuotarik altuena eskuratu du, eta euskal zinemarik onenaren alde "La Noche de…"k egindako apustuak erantzun bikaina izan du.

EITBk bere telebista eskaintzari ikus-entzuleek emandako babesa eskertu nahi du, euren lehentasunetara hobeto egokitzeko helburuarekin hazi eta garatuz doan eskaintza. Bihotzez, eskerrik asko!!!

"Biba Zuek!" eta "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eguneroko saioak

"Biba Zuek!" saioak bere hilabeteko bigarren daturik onena eskuratu du maiatzean: % 3,3ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 9,5eko kuota. "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioak ere emaitza onak lortu ditu: % 3,0ko audientzia zatia eta % 7,6ko kuota euskaldunen artean.

"Ur Handitan": denboraldiko bigarren hilabeterik ikusiena

Xabier Madariagak aurkezten duen saioak denboraldiko bigarren hilabeterik onena itxi du: % 2,4ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko % 6,2ko kuotarekin. Audientzia metatuari dagokionez, 73 000 ikus-entzule ditu batez beste Euskadin eta eragin eremuan. Hilaren 18an emandako Ikonikoak erreportajearekin azken bi urteetako daturik onena lortu zuen: % 4,0ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko % 9,7ko kuota.

"El Conquistador del Caribe"k datu historikoak

"El Conquistador del Caribe" realityak % 27,2ko audientzia zatiarekin itxi du maiatza, denboraldi honetako hileko kuotarik onenarekin, eta batez beste 342 000 ikus-entzulek egin dute bat saioarekin. "El Conquistador" saioa liderra da astelehenetako ordutegi nagusian estreinatu zenetik.

Julian Iantzik eta Mikel Perez Artolak aurkeztutako saioak datu historikoak lortu ditu hilabete honetan. Nabarmentzeko da maiatzaren 17ko % 29,5eko audientzia-zatia, inoizko bigarren daturik onena, 2012ko zortzigarren edizioko finalak bakarrik gaindituta.

"El Conquis" debateak, bere aldetik, % 17,1eko audientzia zatia eta 212.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu maiatzean Euskadin eta eragin eremuan. Maiatzaren 27an bere denboraldiko marka gainditu zuen, % 17,9ko audientziarekin.

Euskal zinearen udaberria "La Noche de…"n

Felix Linaresek aurkezten duen "La Noche de…" saioak % 14,4ko audientzia-zatiarekin eta 228.000 ikus-entzuleko audientzia metatuarekin itxi du hilabetea. Maiatzean eskainitako filmei esker lidergoa lortu du bere ordu tartean. Gogoratu behar da La trinchera infinita, El silencio de la ciudad blanca eta El hoyo euskal filmak estreinatu dituela eta horietako batek, El silencio de la ciudad blanca-k, % 18,4ko audientzia zatia eskuratu du, "LND"ko pelikula batek lortzen duen azken urteko kuotarik altuena.

"Atrápame Si Puedes Finde", hileko audientziarik onena

Asteburuko "Atrápame Si Puedes" lehiaketak maiatzean lortu du azken bi urteetako hileko kuotarik altuena: % 11,9ko audientzia-zatia. Patxi Alonsok aurkeztutako saioak 109.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan  du Euskadin eta eragin eremuan.

Kirol emanaldiak

Maiatzaren 9ko Binakako Txapelketako finala azken bost urteetako finalik ikusiena izan zen: bere ordu tartean lidergoa lortu zuen % 16,8ko audientzia-zatiarekin eta euskaldunen arteko % 20,8ko kuota eskuratu zuen. Halaber, 249.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Maiatzaren 8tik 30era eskaini den Giroak harrera ona izan du: bataz beste, % 3,8ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 7,9ko kuota. Halaber, 105.000 ikus-entzulek bat egin dute uneren batean emanaldiarekin Euskadin eta eragin eremuan.

Horrez gain, Buruz Buruko Txapelketako partiden artean bi emankizun nabarmendu dira: igande honetako Zabaleta vs Altuna III bere ordu tartean audientzia-buru izan da % 12,9ko audientzia-zatiarekin eta euskaldunen arteko % 17,9ko kuotarekin;  maiatzaren 23ko Urrutikoetxea vs Artola norgehiagokak % 11,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 16,4ko kuota izan zituen.