Itxi

EITB TALDEA

Gasteizko Telebista Jaialdia

EITBk FesTValen aurkeztuko du gaur "Baserria" lehiaketaren bigarren denboraldia

EITB Media

Goizean prentsaurrekoan aurkeztuko dituzte edizio honen xehetasunak eta arratsaldean lehen atalaren emanaldia izango da Europa Jauregiko auditorioan.

  • Klaudio Landa, "Baserria" lehiaketako aurkezlea

    Klaudio Landa, "Baserria" lehiaketako aurkezlea. EITB Media

Abuztuaren 31tik irailaren 5era bitartean egingo da FesTVal Gasteizko Telebista Jaialdiaren XIII. edizioa, eta telebista kanal eta plataforma handienek bertan aurkeztuko dituzte beren estreinaldi nagusiak, horien artean EITBk aurkeztuko duen "Baserria" realityaren bigarren edizioa.

Gaur, astezkena, izango da hori, FesTVal jaialdiaren baitan emango baitu jakitera EITBk "Baserria" lehiaketako bigarren edizioko xehetasun eta aurpegien berri. Lehen edizioko arrakastaren ostean, Klaudio Landaren saioak berriz ere deitu ditu kaletarrak eta baserritarrak baserri mundua oinarri duen lehiaketara; eta bigarren edizio honetan, 400 pertsona baino gehiago aurkeztu ziren casting-etara.

Aurkezpen prentsaurrekoa Gasteizko Europa Jauregiko Olarizu aretoan izango da, 11:00etan. Bertan izango dira: Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria; Klaudio Landa, saioaren aurkezlea, eta programak aurten izango dituen bi adituak.

Realityaren izaerarekin bat eginez, lasto proba ikusgarria egingo du EITBk aurkezpen ekitaldian, baserriaren arima hirira ekarrita. Gainera, arratsaldean, 19:00etan, Europa Jauregiko auditorioan, lehen atalaren aurrestreinaldia egingo da aurkezlearen, adituen eta EITBko arduradunen parte hartzeaz.

Aurreko edizioa

2021eko urtarrilean estreinatu zen ETB1en saioa, eta audientziaren babes zabala izan zuen. Hamar bikote (baserritar eta kaletar banaz osatutako bikoteak) baserri batean bizi izan ziren hainbat astez, eta baserri munduan oinarritutako proba ikusgarriei aurre egin behar izan zieten. Saioak % 4,7ko audientzia zatia lortu zuen batez beste bere lehen denboraldian, eta euskaldunen artean nagusi izan zen % 11,9ko audientzia kuotarekin. Bereziki, arrakasta handia izan zuen 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean. Saioak batez beste 120.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Formatua bere katalogoan sartu du nazioarteko ekoizle eta banatzaile handienetako batek.