Itxi

EITB TALDEA

EITB Saria

EITBk ikus-entzunezko talentua bultzatu eta "Entre Muros" telesaila saritu du Conecta FICTION jardunaldietan

ETB Media

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak 10.000 euroko EITB Saria eman dio Itziar Mínguezen eta Pedro Fuentesen "Entre Muros" proiektuari.

  • Conecta FICTION 2021eko saridunak.

    Conecta FICTION 2021eko saridunak.

Asteazkenean, irailak 15, EITBk "Entre Muros" proiektua saritu du Connecta FICTION jardunaldietako Pitch Euroregion NAEN Series-en lehen edizioan, Iruñean. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak 10.000 euroko EITB Saria eman dio Bixagu Entretaiment S.L.ren "Entre Muros" telesailari proiektuaren garapenerako. Itziar Minguezek eta Pedro Fuentesek sortutako lana da.

EITBk babes eta bultzada handia eman die jardunaldi hauei, euskal ikus-entzunezko ekosistemaren barruan aliantzak eta talentua sustatzeko helburuarekin, bertan aurkeztu diren ikus-entzunezko proiektuak balorean jarri eta haien garapenean lagunduz. Ekimen honen bidez, networking profesionala, enpresa arlokoa eta ekintzailetzarena bultzatu nahi dira.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak sari banaketan parte hartu du.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak sari banaketan parte hartu du.

Conecta FICTION ekimenak eta Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatutako ABEN Euroeskualdeak bertoko ikus-entzunezkoen industria sustatzeko helburuarekin eratu dute Iruñean ospatzen ari den eta irailaren 17an amaituko den ikus-entzunezko jardunaldiak osatu dituen jarduera-programa.

"Entre Muros", EITB Saria

"Entre Muros" drama erromantiko bat da, non maitasunaren, intrigaren, ustelkeriaren eta politikaren bidez 50eko hamarkadako Donostiako bizimodua irudikatzen den, gure gaur egungo bizimodutik hain urruna ez dirudien garaia. Bi emakume protagonistek paradoxa berezia biziko dute: euren arteko maitasuna aske bizitzeko toki bakarra psikiatriko penala – aurretik fikzio telesail batean landu ez den eszenatokia- izango da.

Epaimahaikideen iritziz, "Entre Muros" anbizio handiko proiektua da, eta gaur egun ere indarra duen bi emakumeen arteko istorioa kontatzen du oso testuinguru interesgarri batean. "50eko hamarkadako Donostian girotuta, klase ezberdintasuna, tratu txarrak eta homofobia lantzen dituen istorioa da, eta horrek garaiaren eta hiriaren loraldia urte haietako zentro psikiatrikoen errealitate gordinarekin aurrez aurre jartzeko aukera ematen digu. Nahiz eta garai hartako Donostian girotuta egon, nazioarteko merkatuan ondo funtzionatu dezakeen istorioa da", azpimarratu du Aritz Galarza epaimahaikideak eta ETBko Erosketa eta Programazio buruak.

Gainera, gidoiaren planteamendua oso positiboki baloratu du, "aurrekontu handiko melodrama hau gauzatu eta audientzia garrantzitsu batera heltzeko beharrezkoak diren ezaugarriak ditu gidoiak".

Aritz Galarzarekin batera, epaimahakideen artean egon dira: Blanca Baena, K2000 eta Mediapro enpresetako ekoizle, zuzendari eta produktore exekutiboa; Javier Holgado, gidoilaria eta "The mysteries of Laura", "La templanza" (Amazon) eta "El desorden que dejas" (Netflix) telesailen sortzailea; Solène Édouard, SE Talent Management talentu-agentziako kidea; eta Delphine Vialanet, France 3 Nouvelle-Aquitaine telebista-kateko ordezkaria.

"#Martyisdead" telesail txekiarraren aurrestreinaldia

Ekintzaz betetako programa izan dute Conecta FICTION jardunaldiek eta besteak  beste, "#martyisdead" telesail txekiarraren aurrestreinaldia eskaini zuten asteartean, irailaren 14ean.

ETB1ek azaroan, "#Martyhilda" izenarekin estreinatuko duen thrillerra da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Segurtasun Sailarekin aliantzan egindako proiektua izango da. Benetako gertaeretan oinarrituta dago eta ziberbullynga eta bere ondorioak jorratzen ditu. Kolaborazio egitasmo honen bidez, gainera, EAEko ikastetxeetan telesailean oinarritutako gaiak landuko dira. Horretarako, webgune berezi bat garatuko dute.

'#Martyisdead' telesailaren aurrestreinaldia

'#Martyisdead' telesailaren aurrestreinaldia

Atal laburren telesail onenaren Emmy International saria jaso zuen "#martyisdead" 2020an, eta ziberjazarpenera hurbilduko gaitu, Marty nerabeak jasan zuen jazarpena, hain zuzen ere. Bere aitak heriotzaren ostean abiatuko duen ikerketaren bidez ezagutuko dugu Martyren historia, Interneten utzitako arrastoari jarraituz.

Telesailaren aurrestreinaldiaren ondoren, mahai-ingurua egin zuten Sara Escudero aurkezleak gidatuta. Bertan, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariarekin batera, honako hauek parte hartu zuten: Jakub Kostal ekoizlea (Txekiar Errepublika), Pavel Soukup zuzendaria (Txekiar Errepublika), Carlos Quintanilla "Control Z" (Netflix) telesailaren sortzailea, eta Javier Erro artista eta kazetaria.