Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITB "Egunean Behin" lehiaketaren babesle izango da denboraldi honetan ere

EITB Media

Irailaren 27tik abenduaren 12ra bitartean egingo da euskaldunen joko/aplikazio arrakastatsuenaren 8. denboraldia. Berriro ere, oraingoan EITB Maratoiaren baitan, final handia ETB1en, eitb.eus-en eta EITBko YouTubeko kanalean jokatu ahal izango da.

  • Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztu zuten ekainean "Biba Egunean Behin" saio berezia

    Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztu zuten ekainean "Biba Egunean Behin" saio berezia

EITB komunikazio taldea izango da gaur (irailak 27) abian jarri den  "Egunean Behin" lehiaketaren 8. denboraldiaren babesle nagusia. Horrez gainera, abenduan, eta EITB Maratoiaren baitan, zuzeneko final handia jokatuko da ETB1en, eitb.eus-en eta EITBko YouTubeko kanalaren bidez jarraitu ahal izango dena. 

EITB izan zen CodeSyntax enpresaren eskutik sortutatako joko arrakastatsuaren 7. denboraldiko babesle nagusi baita ere. Halaber, hura bukatu zenean, lehen aldiz "Biba Egunean Behin" zuzeneko final handia egin zen, inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketarik handiena.  

EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntax enpresarekin aliantzan landutako proiektua izan zen final hura. Techno-taiment formatuaren bidez, bide berri bat urratu zen: egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotzea eta milaka lagun lehia bizian jartzea. Lehen esperientziak lortutako arrakastaren bermea izango du abenduko hirugarren edo laugarren astean jokatutako den finalak. 

Denboraldi berria 11 astez luzatuko da, irailaren 27tik abenduaren 12ra bitartean. EITB komunikazio taldea, lehiaketaren babesle orokorra izateaz gain, lehen asteko laguntzailea izango da. Hurrengo asteetako babesle izango dira, halaber: Elhuyar Fundazioa, DanobatGroup, Badalab (Gipuzkoako hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia), Cikautxo, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Guuk, AEK (Aizu! aldizkariaren 40. urteurrenarekin lotuta), Ficoba eta ULMA

2019ko martxoaren 4an sortu zuen CodeSyntax enpresak "Egunean Behin" aplikazioa, euskaraz jolastuz ondo pasatzeko helburuarekin. Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da eta izenak dioen bezala, lehiakide bakoitzak partida bakarra jokatzeko aukera du egunean. 10 galdera erantzun behar ditu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, hobeto.

Sortu zenetik, lehiaketaren arrakasta handituz joan da: zazpigarren denboraldian astero 60.000 lagunek parte hartu zuten bataz beste, eta telebistako zuzeneko aldibereko lehiaketak 20.000 jokalari izan zituen. 

CodeSyntax enpresaren eta EITBren arteko elkarlanaren bitartez, "Egunean Behin" familia handitzen joatea da helburua.