Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBko irratiak, kalean egunotan

EITB Media

Gazteako "Dida" Tolosan izan da ostegun honetan, eta Radio Euskadi Bermeon. Ostiralean, berriz, UPV/EHUren Leioako kanpuserik egin da "Boulevard"; eta "Más Que Palabras" Euskalduna Jauregian egongo da larunbatean.

  • Almudena Cacho

    Almudena Cacho

EITB Taldeko zenbait irratsaio kalean ari dira egiten aste honetan, euskal gizartearengandik hurbil egoteko helburuari eutsiz. 

Gazteako lagunak Tolosara joan dira ostegunean (otsailak 24). Ostegun gizen egunez eman diete hasiera inauteriei tolosarrek eta momentu hori bertatik bertara bizi du "Dida" saioko lantaldeak. 10:00etan hasi eta 13:00ak bitartean, San Frantzisko kaletik aritu dira Julen eta Antton Telleria, Andrea Aramburu eta Jon Gotzon Aldaparena.

'Dida' saioko kideak

"Dida" saioko lantaldea mozorrotuta

Nikotina artista tolosarra eta Irene Caminos trail txirrindularia izan dituzte gonbidatu, besteak beste, eta emanaldia streaming bidez jarraitu ahal izan da Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean. 

Radio Euskadik hiru irteera egingo ditu: ostegunean "Boulevard" saioaren lehen zatia Bermeotik egin dute eta ostiralean, berriz, emanaldi osoa Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatetik; larunbatean, Almudena Cachok gidatzen duen "Más Que Palabras" asteburuko magazinak irrati estudioa utzi eta Bilboko Euskalduna Jauregira joango da. 

Xabier Garcia Ramsden Bermeora joan da ostegun goizean, herriko Jose Done ikastetxean salatutako ustezko sexu abusuen kasua bertatik bertara jarraitzera. Batetik, gertaerak ikertzen ari den Asier Sanchez kazetari eta EITB Mediako lankidea elkarrizketatu du. Bestetik, biktimetako birekin mintzatu dira. 

Bestalde, ostiralean, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea bertatik bertara ezagutu asmoz, egungo ikasle eta etorkizuneko kazetari izango diren gazteez inguratu da Xabier Garcia Ramsden irratsaioa egiteko. Gonbidatuen artean izan dira baita ere irakasle beteranoak eta egungoak, gaur egun EITBn kazetari diren batzuk... Saioa entzuteaz gain, emanaldia ikusteko aukera ere izan da Radio Euskadiren webgunean.

Azkenik, Euskalduna Jauregiaren jarduna barru-barrutik bizitzeko aukera izango dute larunbatean herritarrek Bizi Euskalduna ekimenaren baitan. Aukera hori probestuko du Radio Euskadik "MQP" saioa bertatik egiteko eta jauregiaren aurtengo proposamenak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko. Horretarako, Nerea Lupardo zuzendaria elkarrizketatuko du Almudena Cachok.