Itxi

EITB TALDEA

Elkartasun ekimena

Mójate-Busti Zaitez Esklerosi Anizkoitzaren Alde, igandean, Euskal Herriko hainbat igerileku eta hondartzatan

EITB Media

Ekintza hau sustatzeaz gain, EITBk esklerosi anizkoitza bilakatu du aurten EITB Maratoiaren elkartasun kanpaina nagusiaren muin.

  • Mójate-Busti Zaitez Esklerosi Anizkoitzaren alde ekimena izango da igandean.

    Mójate-Busti Zaitez Esklerosi Anizkoitzaren alde ekimena izango da igandean.

Mójate-Busti Zaitez Esklerosi Anizkoitzaren Alde ekimena ospatuko da Euskal Herriko hainbat igerileku eta hondartzatan igande honetan, uztailaren 10ean. Ekintza hau sustatzeaz gain, EITBk esklerosi anizkoitza bilakatu du 2022ko EITB Maratoia elkartasun kanpaina nagusiaren muin.

Mójate-Busti Zaitez ekimenak 25 urte beteko ditu aurten, eta ekitaldi nagusia Getxoko Ereagako hondartzan izango da igandean 12:00etan. Erakundeetako ordezkari eta pertsona ezagun asko bilduko dira elkarrekin esklerosi anizkoitzaren alde bustitzeko.Bertan, besteak beste, ETBko "El Conquistador del Caribe" saioko azken edizioko bi txapeldunek ere hartuko dute parte: Aini Lizarraldek eta Jokin Ramosek. 

Ekimen honen bidez, gaixotasunaz sentsibilizatu eta ikusgarri egiteaz gainera, gizarte-zerbitzuetako baliabideak finantzatzeko funtsak bildu nahi dituzte esklerosi anizkoitza duten pertsonei errehabilitazioan laguntzeko.  

Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentraleko gaixotasun auto immunea da, eta garunaren eta muinaren berezko hanturan datza. Efektu horren ondorioz, nerbioak eta mielina galtzen dira, eta horrek nerbio-sisteman orbainak ugaritzea eragiten du.

EA kronikoa, konplexua, endekapenezkoa, heterogeneoa eta aldakorra da. Pertsona bakoitzarengan modu ezberdinean agertzen da, eta haren sintomak motaren eta intentsitatearen araberakoak dira. Heldu gazteetan agertzen da, eta desgaitasun ez-traumatikoaren lehen kausa da adin tarte horretan. Ez du sendabiderik, eta ez da ezagutzen zerk sortzen duen.

2.700 pertsonek dute esklerosi anizkoitza Euskadin eta 55.000 pertsona baino gehiagok, Espainiako estatuan. Horietatik % 75 emakumeak dira. Munduan 2.800.000 dira, eta Europan, 1.000.000 baino gehiago. 100.000 biztanleko 120 kasuko prebalentzia dute Espainian eta diagnostikatutako kasuak 2,5 aldiz biderkatu dira azken 20 urteetan.