Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Bigarren denboraldia

"Harpa Jotzen" poZkasta, berriz ere EITBPodkast atarian, Ana Goitia lehen gonbidatu dutela

EITB MEDIA

Martxoaren 25ean abiatuko dute bigarren denboraldia. Ohi bezala, gai zehatz baten inguruan ariko dira Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, gonbidatu berezi batekin. Astelehenean ezkontzak izango dituzte hizpide.

  • "Harpa Jotzen"

    "Harpa Jotzen"

Martxoaren 25etik aurrera "Harpa Jotzen" podcasta abiatuko da berriz ere EITBPodkast atarian. Astelehenero saretuko dute atari honetan Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik poZkasta izendatzen dutenaren atal berria, entzuleek nahi dutenean entzuteko aukera izan dezaten. Txoko honetan Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek "txorakeria eta fundamentu gabeko gauzei" tartea eskaini nahi izaten diete.

Bigarren denboraldia hamar atalek osatuko dute eta www.eitb.eus/harpajotzen bertatik izango da harpidetu eta entzuteko aukera, bai eta ohiko beste agregatzaileetara sartzeko aukera ere (Spotify, Apple podcast etab.).

Ohi bezala, gai zehatz baten inguruan ariko dira Mirari eta Idoia, atalez atal gonbidatu berezi batekin. Umoretik helduko diote, jakina, aztergaiari, eta gonbidatuen artean izango dituzte bigarren denboraldian, Antton Telleria, Ane Lindane, eta Lur Errekondo, besteak beste. Datorren astelehenean, martxoaren 25eko estreinaldian, Ana Goitia aurkezlea eta moda adituarekin abiatuko dira eta ezkontzak izango dituzte hizpide.

"Harpa Jotzen" podcasta Hirudamatxok ekoitzi du EITBPodkasterako.