Itxi

EITB TALDEA

Errege Kopa

Athletic-Mallorca partida zuzenean eta 'Koparen bila!' programazio berezia: finalaren emozio guztia, EITBn

EITB MEDIA

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute norgehiagoka, eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere jarraitu ahal izango da. Euskal Telebistako kiroletako albistegiak bertatik egingo dituzte eta ETB2n "Especial Koparen Bila Sevilla" egingo da, zuzenean. Irratietan ere bereziak Sevillatik.

  • Koparen bila

    Koparen bila: zuzenean, EITBn

EITBk zuzenean eskainiko du larunbatean, apirilak 6, Athleticek eta Mallorcak jokatuko duten Errege Kopako finala. ETB1en eta eitb.eus-en ikusteaz ez ezik, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu ahal izango da norgehiagoka zirraragarria. Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du, Koparen bila lelopean. Halaber, EITB Mediako lantalde zabala izango da Sevillan, eta bertatik bertara emango dute Kopa finalaren azken orduaren berri telebistan, irratian eta webgunean. Finalari begira, baliabide eta bitartekari guztiak jarriko ditu EITBk: 20 profesionaletik gorako lantaldea, plato berezia, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak…

Lantalde zabala eta zuzeneko saio bereziak Euskal Telebistan

Eritz Hernandez Sevillan dugu jada, eta ostegunetik aurrera Jon Balenziaga, Jose Ituarte, Janire Fragua, Ane Muruamendiaraz eta Ainhoa Lendinez batuko zaizkio, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan zuzeneko konexioak egiteko. Ostiraletik aurrera Naxari Altuna ere izango da Sevillan. Izan ere, apirilaren 4tik aurrera programazio berezia eskainiko du ETBk finalaren inguruan. ETB1eko eta ETB2ko kirol albistegiak Sevillatik egingo dira, set berezian, Jon Balenziagak eta Jose Ituartek aurkeztuta. Finalaren eguneko eguerdiko albistegia ere plato berezi horretatik egingo da.

Larunbat arratsaldean, ETB2n, 18:00etatik aurrera, "Especial Koparen Bila Sevilla" berezia eskainiko da, zuzenean Sevillatik, Patxi Alonsok aurkeztuta. Besteak beste, Daniel Ruiz Bazan Dani eta Arrate Orueta izango ditu gonbidatu, eta zale zuri-gorrien azken orduari jarraituko diote, bai Sevillan zein geurean. Gainera, ETB2ko arratsaldeko erreportari ezagunenekin batera, dena emateko prest dauden zale horien istorioak ezagutuko ditugu: itsasontziz Getxotik Sevillara joandakoak, autokarabanen "konboi" batean bidaiatu dutenak, tuneatutako autoak, maitasun istorioak, txarangak, peñakideak.

Gaueko 21:00etatik aurrera, eta partida hasi arte, "Koparen Bila" berezia eskainiko du ETB1ek, eta ondoren iritsiko da final handia, zuzenean. Naxari Altunak egingo du partidaren kontakizuna Cartuja estadiotik, Nerea Zusberrorekin eta Gorka Iraizozekin. Zuzeneko saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.

0:20

Jarraipen berezia irratietan

Euskadi Irratian Haritz Gallastegi, Txetxu Urbieta, Iñaki Berastegi, Xabi Gallastegi eta Karmele Uribesalgo arituko dira lanean Sevillatik eta, ostegunean hasita, zuzeneko konexioak izango ditugu Euskadi Irratiko saio eta albistegietan. Larunbatean "Hiru Erregeen Mahaia" saio berezia eskainiko da, 18:00etatik aurrera, zuzenean, Sevillatik. Nola ez, finalaren zuzeneko kontaketa ere entzun ahal izango dugu, Haritz Gallastegiren ahotsean. Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga, Gari Uranga eta Txema Añibarro izango ditu kontakizunean lagun.

Radio Euskadi ere, nola ez, buru-belarri arituko da finalarekin. Athleticen partidei ahotsa jarri ohi dien Alberto Negrok emango digu zuri-gorrien azken ordukoaren, protagonisten eta giroaren berri; eta harekin batera arituko dira Raúl Pando, Jon Zubieta eta Diego Arambalza. Larunbatean, 13:00etatik aurrera, saio berezia eskainiko dute Sevillatik, azken ordukoarekin, elkarrizketak eta finalaren gakoen analisiarekin. 18:00etatik aurrera, "Kirol Festa" eskainiko da, partidaren atariko ikusgarria; eta ondoren iritsiko da kontakizuna, Cartujan gertatzen denari erreparatuz. Oraingoen ere Alberto Negro arituko da, Luis Fernando Dadie, Ander Alaña eta Iñaki Alzolaren laguntzarekin. Behin finala amaitzean, partidaren ostekoari ekingo diote. Jagoba Arostegik koordinatuko du lantaldea, eta Joseba Urruela arituko da arlo teknikoan.

Kopari eskainitako atal berezia eitb.eus-en

Andoni Beldarrain eta Iker Garate eitb.eus-eko kazetariak Sevillan izango dira, finalaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko. Hala, giroari eta partidari buruzko nondik norako guztiak helaraziko dituzte sare sozialetan, eta #KoparenBila traolarekin zabaldutako eduki guztiak ikusi ahal izango dira horretarako garatuko den modulu berezi batean. EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira eitb.eus-en: argazkiak, audioak, bideoak… Gainera, kopa finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute, eta kopako eduki guztiak bilduko dituen atal berezia prestatuko dute: eitb.eus/kopa