Itxi

EITB TALDEA

EITB, gizarte erreferente

"Porno Belaunaldia" saioan EITBk erakutsitako "ausardia" azpimarratu dute INPUT nazioarteko hitzorduan

EITB MEDIA

Lanak harrera oso ona izan du mundu osoko komunikabide publikoetako sortzaileen urteroko hitzordu entzutetsuan. Ameriketako Estatu Batuetan ari dira egiten, eta EITBren dokuserie da hautatuetako bat, zerbitzu publikoaren esparruan egindako lanagatik. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak aurkeztu du.

0:00

Egunotan Charlestonen (Hego Carolina, AEB) egiten ari diren INPUT TV 2024 nazioarteko konferentzian parte hartu du EITBk astelehen honetan, maiatzak 6, eta "Porno Belaunaldia" dokuserie saritua aurkeztu du bertan Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. Zehazki, OMG, I can ere stop watching atalean parte hartu lanak. Egungo nerabeek sexuarekin eta pornografiarekin duten harremana aztertzen du, eta horren gakoak eta ezaugarriak azalduko ditu Iparragirrek. Programak oso harrera ona izan du, bai proiekzioan eta bai ondorengo mahai-inguruan ere. Unai Iparragirrek berak "feedback oso positiboa" jaso du ikusleen aldetik, eta ETBk horrelako gai korapilatsu bati heltzeko erakutsitako "ausardia" azpimarratu dute bertan, baita gaia lantzeko "modu konstruktiboa" ere.

Komunikabideen sortzaileentzako urteroko hitzordu entzutetsua da INPUT TV, eta mundu osoko telebista publikoen ekoizpenak eta lanak aurkezten dituzte bertan. Urtero nazioarteko konferentzia antolatzen dute telebista publikoaren mugak eztabaidatzeko eta horiei aurre egiteko. Orain bi urte Bartzelonan izan zen hitzordua, eta iaz Taiwanen. 2024 honetan Estatu Batuetan ari dira egiten topaketa, Story telling in the public interest (Istorioak kontatu interes publikoaren alde) lelopean, eta mundu osoko 23 herrialdetako 78 saio ari dira parte hartzen. Zehazki, Danimarka, Israel eta Kanadako lanekin batera aurkeztu da bertan EITBren "Porno Belaunaldia".

INPUT ez da ohiko jaialdi bat, ezta merkatu edo lehiaketa bat ere; hartara, ez du inolako interes komertzialik. Berez, zerbitzu publikoko ekoizpen berrien eztabaida sakon eta profesionalera bideratzen da, eta, oraingo honetan, eztabaidarako aukeratutako piezetako bat "Porno Belaunaldia" da. Horrek, beste behin ere, azpimarratu egiten du EITBren zerbitzu publiko izaera, erreferente sozial gisa. Nazioarteko azken arrakasta honek agerian utzi du beste behin "Porno Belaunaldia" dokumental sailaren apustuaren bikaintasuna, jada hainbat sari eta aipamen lortu baititu lanak, tartean telebista autonomikoetako programarik onenaren Pello Sarasola Saria martxoan, eta ARFF BARCELONA AWARDS golardoa, Envision Award Winner kategorian, apirilean.

"Porno Belaunaldia" ikusgai dago PRIMERAN streaming plataforman eta EITB Nahieran atarian.