Itxi

EITB TALDEA

Europako hauteskundeak

EITB erreferente izango da, oraingoan ere, Europako hauteskundeen kanpainaren jarraipenean

EITB MEDIA

Kanpaina ekitaldien inguruko informazioa emateaz gain, elkarrizketak eta bi debate egingo dira: euskaraz, maiatzaren 28an; eta gaztelaniaz ekainaren 4an. Ostegun honetan ETBko albistegiak Bruselan izango dira, Europa mailako debate handia gertutik jarraitzeko.

  • Europako Parlamenturako hauteskundeak EITBn

    Europako Parlamenturako hauteskundeak EITBn

Telebistan, irratian, digitalean eta sareetan eskainiko dituen albistegi eta informazioen bidez, ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetako kanpainaren jarraipen zabala bermatuko du EITBk. Izan ere, Eusko Legebiltzarrerako apirilean egin berri diren hauteskundeen ondoren, EITB berriro ere erreferente izango da beste hitzordu nabarmen batean, oraingoan Europako Parlamentuari begira. Hala, zerbitzu publiko izaerari erantzunez, bitarteko eta lantalde zabala jarriko ditu martxan.

Ostiral gauerditik, kanpainaren hasierarekin batera, EITBk hauteskunde hauetan izango diren euskal alderdi eta koalizioen jarraipena egingo du, kanpaina ekitaldien berri emanez, hautagaien elkarrizketekin eta bi debate handirekin: lehena euskaraz, maiatzaren 28an, 22:00etan, ETB1en eta Euskadi Irratian, Odei Esnaolak gidatuta; eta bigarrena, ekainaren 4an, gaztelaniaz, ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian, Xabier Ormazabalen gidaritzapean. Biak eitb.eus-en eta EITB Nahieranen ere jarraitu ahal izango dira. Gainera, Euskal Telebistako albistegiak Bruselan izango dira ostegun honetan, maiatzak 23, bertan egingo duten Europa mailako eztabaida handia dela-eta. Nerea Reparazek eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztuko dituzte, bertatik, albistegi bereziok.

Maiatzaren 27tik aurrera, hauteskunde elkarrizketak hasiko dira EITBn. Astelehenean abiatuko dira Radio Vitorian, "Araba Gaur" goizeko albistegian; eta, hilaren 29tik aurrera, ETB1eko "Egun On" tartean, ETB2ko "Teleberri" albistegiaren lehen edizioaren ondoren, eta Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko "Boulevard" eta "Faktoria" goizeko albistegietan izango dira.

Gainera, kanpainaren bigarren astean, Europar Batasunean erabakiko diren eta gurean eragina duten hainbat gairi buruzko erreportajeak eskainiko dira albistegietan: migrazio-itun berria, energia-trantsizioa, auto elektrikoa, lehen sektorea, Europako makroeskualdea edo militarizazioari buruzko eztabaida, besteak beste. Europar Batasuneko hainbat herrialdetako berriemaileen eskutik iritsiko dira erreportajeak.

Azkenik, nola ez, programazio berezia izango du EITBk ekainaren 9an, Europako hauteskunde eguna eta gaua gertutik jarraitzeko.