EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

14:29

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Inbestidura saioa

Horrela jarraitu ditugu zuzenean Urkulluren eta Mintegiren hitzaldiak

D.P.

Goizeko inbestidura saioa 09:30ean hasi eta 12:30ean amaitu da.

  • Iñigo Urkullu, gaurko hitzaldian. EITB

    Iñigo Urkullu, gaurko hitzaldian. EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

12:25. Saioa eten egin da. Arratsaldean, gainerako taldeen txanda izango da.

12:20. Urkulluk akordioak lortzeko deia eginda bukatu du hitzaldia.

12:16. Hurrengo Jaurlaritzak 1.400 milioi euro gutxiago izango dituela ohartarazi du. Diru-sarrerak % 10 jaitsi dira.

12:06. "Inoizko Eusko Jaurlaritzarik murriztuena" osatuko duela iragarri du Urkulluk. Sail eta goi-kargudun gutxiago izango dituela dio. Gainera, "elkarte eta erakunde kopurua" ere murriztuko ei du.

12:04. Euskadirentzako estatus juridiko berria adostea helburu, "sentsibilitate politiko guztiak" biltzen dituen lantaldea sortzea proposatu du.

11:56. Urkulluk "babesa" agertu dio azken legegintzaldian sortutako bake eta bizikidetza lantaldeari, baina Legebiltzarraren ordezkaritza berriaren arabera "egokitu" beharko dela ohartarazi du.

11:52. Eusko Legebiltzarraren papera aldarrikatu du Urkulluk, bakeaz hitz egiteko leku gisa.

11:47. Hizkuntza politikaren txanda: "Elebitasun berdintzaile eta orekatzailean sinisten dut".

11:45. Osasun sistemak "publikoa eta unibertsala" izan behar duela, eta horren "kalitatea hobetu" beharra dagoela esan du.

11:42. Foru Aldundiekin batera, enplegua sustatzeko plan bat sortzen saiatuko dela aurreratu du.

11:37. Euskal ekonomia "nazioartera" eramatearen alde egin du. "Basque Country marka" sustatu beharra dagoela adierazi du.

11:31. Urkulluk enpresa txikientzako eta ertainentzako Finantziazio Funts bat sortzea proposatu du, "kredituak eta finantziazioa emateko".

11:24. Aurrekontuak onartu eta gero, Ekonomia Sustatzeko Plan bat aurkeztuko duela iragarri du.

11:20. "Eusko Jaurlaritzaren erreserbak agortu egin dira", ohartarazi du hautagai jeltzaleak.

11:16. Gobernua murriztu egingo duela aurreratu du.

11:14. Hiru helburu aipatu ditu: ekonomia sustatzea, bakea eta estatus juridiko berria. Halaber, EAEko Administrazioa eta erakunde sistema erreformatzea proposatu du.

11:09. Terrorismoaren biktimak oroituta hasi du hitzaldia Urkulluk.

11:05. Bukatu da Mintegiren hitzaldia; Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiaren txanda. 90 minutu izango ditu.

11:02. Ekonomiara itzuli da: "Espainian okerreko erabakiak hartzen ari dira, herritarrak estutzen ari dira defizita murrizteko. Gastu publikoak bizkortu egingo luke ekonomia".

10:59. Udal Legea legegintzaldi honetan onartzeko deia egin du, udalei "eskuduntzak eta baliabideak emateko".

10:55. Mintegiren esanetan, "tresnak" sortu behar dira herritarrek politikan parte hartzea lortzeko. Hori horrela, "herritarren parte-hartzerako eskola bat" eta "herri galdeketaren legea" sortzea proposatu du, beste hainbat neurriren artean.

10:53. EITBk bere helburuei erantzun ez diela uste du Mintegik: "Ez die erantzunik eman euskaldunei, eta ez du erdal hiztunak euskarara hurbiltzea lortu".

10:47. Hezkuntza sisteman euskarari lehentasuna eman behar zaiola nabarmendu du; hots, "euskaldunak eta ele hirudunak" sortzen dituen sistema bat ezartzea proposatu du.

10:40. Energia berriztagarriak oinarri duen energia sistema eredu baten alde egin du. Horren haritik, kutsadura sortzen dutenek "ordaindu" egin behar dutela, eta zerbitzu ekologikoak eskaintzen dituztenek "kobratu" egin behar dutela iritzi dio.

10:37. Ordubete pasata darama Mintegik hitz egiten; beste 30 minutu faltatzen zaizkio. Ondoren, Iñigo Urkulluren txanda izango da.

10:33. Pertsona fisikoen gaineko zergaren erreforma sustatuko duela dio, eta dirutzen gaineko zerga sortuko dutela.

10:29. EAE Etxebizitzaren Legerik ez duen erkidego bakarra dela deitoratu du, eta, 65.000 etxebizitza hutsik egonda, 100.000 pertsona Etxebiden etxe bila egotea nola den posible galdegin du.

10:25. Mintegik Eusko Legebiltzarrean finantza sistemari buruzko "lantalde" bat sortzea eskatu du.

10:19. EH Bilduren buruak "sektore publikoa indartzea" eskatu du, ekonomiaren "motorra" izan behar duelakoan. Enpresa txikiei eta ertainei eta kooperatibeei laguntzearen alde ere egin du.

10:11. Mintegik bi "eginbehar" aipatu ditu enpleguaren arloan: "dagoen enplegua banatzea eta enplegu berria sortzea". Dagoena banatzeko, asteko lanaldia 35 ordura jaistea eta erretiro adina aurreratzea proposatu du.

10:06. Mintegiren esanetan, "dirua badago, kontua da zertan gastatu, zeri eman lehentasuna". "Ez da etikoa dirua defizit publikora edo bankuetara bideratzea, lehentasuna pertsonen ongizatea da", gaineratu du.

10:02. "Ez dugu tresnarik egoera [ekonomikoari] aurre egiteko. Hasi gaitezke zuloak tapatzen, baina, egiatan, ez dugu tresnarik egoerari erantzunik emateko".

10:01. Ekonomiaren txanda; hitzaldiaren zati "luzeena" izango dela aurreratu du.

09:56. Eusko Legebiltzarra bakeaz hitz egiteko foro "egokia" dela deritzo, "baina ez da bakarra". Presoek eta biktimek prozesuan parte hartzea proposatu du.

09:50. Hautagai abertzaleak erabakitzeko eskubidea legegintzaldi honetako "lehentasuna" izatea proposatu du. "Alberdi guztien artean hitz egin beharko da, elkarrizketa ezinbestekoa da".

09:45. Mintegik "indarkeria bukatzearen" eta "zauriak sendatzearen" alde egin du. "Baina, horretarako, elkar-ulertu behar dugu".

09:40. Subiranotasuna da hitzaldiaren lehen gaia, eta abenduko ordainsariarekin gertatutakoa jarri du adibide: "Gure erakundeek ez dute ahalmenik euren langileen baldintzak ezartzeko".

09:30. Hasi egin da lehendakariaren inbestidura saioa Eusko Legebiltzarrean. Hitz egiten lehena Laura Mintegi EH Bilduren hautagaia da. Hautagaitza "koherentziagatik" aurkeztu duela azaldu du.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena