EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Inbestidura saioa

Fiskalitatearen erreforma proposatu dio Patxi Lopezek Urkulluri

Horrez gain, Urkulluren agerraldia kritikatu du, “asmo onak” dituela erakutsi duelako, “baina zer eta nola egin nahi duen argitu ez duelako”.

Patxi Lopez PSEren bozeramailea, inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Patxi Lopez PSEren bozeramailea, inbestidura saioan. Argazkia: EFE
PSEk fiskalitatearen erreforma eztabaidatzea eta adostea proposatu dio Urkulluri

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSEko bozeramaileak fiskalitatearen erreforma eztabaidatzea eta adostea proposatu dio Iñigo Urkullu lehendakarigaiari, 2013ko aurrekontuei oniritzia eman aurretik.

Horrez gain, Urkulluk goizeko saioan egin duen diskurtsoa kritikatu du Lopezek; izan ere, “asmo onak dituela erakutsi du, baina zer eta nola egingo duen argitu barik”. Nolanahi ere, PSE adostasunetara heltzeko prest dagoela adierazi du, “betiere marra gorri batzuk gainditu gabe eta gure printzipioei uko egin gabe”.

Ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko, zerbitzu sozialak mantentzeko, autogobernua defendatzeko nahiz bakegintza aurrera egiteko hitzarmenetara heltzeko prest dagoela berretsi du, baina lehendabizi, eta 2013ko aurrekontuak onartu aurretik, fiskalitatearen erreforma eztabaidatzea jarri dio baldintza gisa Urkulluri.

Gobernu ahula

Bestalde, Iñigo Urkullu eta Laura Mintegi lehendakarigaiek inbestidura saioaren aurreko asteetan izan dute jarrera kritikatu du, “euren alderdietatik kanpo akordiorik bilatu ez dutelako”. “Gaizki hasi dira, Euskadik gobernu sendoa eta egonkorra behar du”, erantsi du.

“Orain gutxiengoan gobernatzea posible al da? Gobernu hau sendoa da abertzalea delako?”, galdetu dio Urkulluri, EAJk hamaika aldiz leporatu izan diolako PSEri gobernu ahula osatu duela.

Ildo berean, EAJk gobernu programarik ez duela kritikatu du. “Asmo onak ez ditu aurrekontuak onartuko, ezta mahai gainean neurri zehatzak jarriko; (Urkulluk) zer eta nola egingo duen argitu behar du”, azpimarratu du.

Oposizioan egongo direla eta euren politikekin koherenteak izango direla esan du, baina ohartarazi du ez duela onartuko “gobernuak izan behar duen erantzukizuna oposizioaren gain uztea”.

Fiskalitateari buruzko eztabaida

Patxi Lopezek fiskalitatearen erreformari buruzko eztabaida defendatu du. “Proiektu serio eta errealista bat planteatu behar du. Ezin duzu guztia batera esan. Ezin duzu esan zerbitzu publikoak mantenduko dituzula, ekonomia suspertuko duzula, enplegua sortzeko planak sortuko dituzula eta, aldi berean, diru-sarrerak albo batean utzi”, leporatu dio Urkulluri.

Gauzak horrela, fiskalitatearen “erreforma sakona” ezinbestekotzat jo du. Legebiltzarrean eztabaida hori ematea eskatu dio Urkulluri: “Hori da lortu behar dugun lehen akordioa”.

Kritikak EH Bilduri

Amaitzeko, Laura Mintegiren jarrera kritikatu du. “Ez zara gobernatzera etorri, zerbait berria izango bazinaten moduan aurkeztu duzuen zuen burua, baina zilegitasuna lortzeko iraganarekin hautsi behar duzue”, adierazi du.

Gainera, Lopezen iritzian, “EH Bildu % 50ean da ezkertiarra, euren helburu bakarra eraikuntza nazionala baita eta azkenean, esparru horretan, EAJrekin akordioa sinatuko dute”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea