EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kanpaina hasiera
Otegi: 'EH Bildu da Euskal Estatua sortzeko alternatiba bakarra'
Otegik adierazi du Madrilen eztabaida politikoa saihestu nahi dutela. "Den-dena erabaki nahi dute gugatik, eurak arduragabeak eta ustelak direnean".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegik adierazi du EH Bildu dela alternatiba bakarra “kapitalismoari eta Espainiaren batasunari aurre egiteko, Estatu propioa, Euskal Errepublika duina eta dezentea eraikitzeko”.
EH Bilduk Bilboko Areatzan egin du hauteskunde-kanpainako hasierako ekitaldia. Mila pertsona baino gehiago elkartu dira bertan, jai-giroan egindako mitinean. Jasone Agirre, Maddalen Iriarte eta Miren Larrion zerrendaburuek ere hartu dute hitza.
Otegik garrantzia kendu dio hautagai izateko debekuari: “Hori gutxienekoa da. Debeku horrekin oztopo bat jarri digutela uste dute, baina ezker soberanistak beti topatzen du alternatiba. Beste askorekin batera, proiektu honen ahotsa eta irudia izaten jarraituko dut, batzuek nahi izan ez arren”.
“Soberanista batek egin behar duen lehen gauza hemen hartzen diren erabakiak errespetatzea da. Ez gara kastaren gogokoak. Estatu duin bat nahi dugunok hemen gaude”, erantsi du.
Presoen kaleratzea eskatu ostean, Otegik gogor kritikatu du Estatu espainiarrak bizi duen egoera politikoa: “Herri honen arazo estrukturalak 1978an du jatorria. Hori da saihestu nahi duten eztabaida, eta gugatik den-dena erabakitzen dute, arduragabeak eta ustelak direnean. Noiz arte izango du bahituta gure etorkizuna kulturarik ez duen eta errepresioaz soilik ulertzen duen estatu honek?”, galdetu du.
“Estatu duin bat behar dugu, eta hori soilik lortu daiteke euskal herritarrok gure estatu propioa eraikita”, azpimarratu du.
EH Bilduren bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza ere kritikatu ditu. “Autogobernua deitzen duten hori defendatzen dute, baina autogobernu horrek ez ditu herritarren beharrizanak asetzen. Ez ditu nagusien beharrak asetzen. Ez ditu gazteen beharrak asetzen, eta kanpora joan behar izaten dute”, adierazi du.
Bestalde, Otegik esan du ezker abertzalea ez zela politikagintzan “dirua egiteko” sartu. “Guk ate birakari bakarra ezagutzen dugu, eta kartzelara eraman gaitu; guretzako ez dago Euskaltelik, ezta Iberdrolarik ere, eta harro gaude; alternatiba bagara, ezin gara areriotzat dugun horren modukoa izan”, azaldu du.
Amaitzeko, Otegik esan du EH Bildu irabazteko helburuarekin aurkeztu dela hauteskundeetara. “Inkestek esaten dutena baino hobeto gaude; ez gaude hirugarren postuaren lehian; gu herri honetako nagusitasuna EAJrekin lehiatzen ari gara”, azpimarratu du.